Landako kiroldegiko gainkostuagatik erantzukizuna eskatuko dute

Markel Onaindia 2017ko abe. 20a, 11:15
Argazkia: http://www.durangokirolak.net

Igerilekuak jasotzen dituen Landako II kiroldegiak 8,8 milioi euroko aurrekontua eduki zuen hasieran, eta aldaketen eraginez, 12 milioira heldu zen azkenean. EH Bilduk atzoko bilkuran salatu zuenez, konponketengatik egondako gainkostua 340.000 eurotik gorakoa da; datu hori 2012koa da, beraz, kopurua handituko zen.

Oraindik ere hainbat matxura eta arazo daudela ohartarazi zuen Eider Uribe zinegotziak. Oposizioko lehen alderdiaren ustez, gainkostu hori enpresa eraikitzaileak ordaindu beharko luke, ez udalak, herritarren dirua erabilita. Gainera, enpresak abal bat eduki duela, eta udalak hori bueltatu izana ere kritikatu zuen Uribek. Bada, udalak erantzukizunak eskatuko ditu, EH Bilduren proposamena PPk ez beste guztiek babestu zutelako

EAJko Goiztidi Diazek adostasuna agertu zuen, ardura eskatzeko arazorik ez dutela argituta. Pilar Riosek (PSE-EE) uste du enpresa eraikitzailea eta diseinua egin zuena direla erantzuleak. Julian Riosi (Herriaren Eskubidea) “harritzekoa” iruditzen zaio 2010etik hona gai honetan pausorik eman ez izana, eta informazioa eskatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!