Durangoko Fray Juan Zumarraga institutuari izena aldatu gura dio udalak, "emakumeen inkisidore" izateagatik

Markel Onaindia 2017ko abe. 19a, 19:43

Herriko ikastetxe publikoen ordutegiak handitzeko proposamen bat aurkeztu du osoko bilkuran EH Bilduk, tartean institutua ere bai. Gaia aprobetxatuta, PSE-EEk ekarpen bat egin dio mozioari, zentroaren izena aldatzeko. Eskaera biak Eusko Jaurlaritzari egin beharko dizkiote, horixe baita institutuaren ardura duena. 

Pilar Riosek esan du institutuak aurten 50 urte betetzen dituela, eta sasoi ona dela izen aldaketa emateko. Berdintasun kontseiluan landuko dute izen berria. Alkateordeak esplikatu du Fray Juan Zumarragak Mexikoko indigenen aurka egin zuela erakusten duten iritzi sendoak daudela, eta gainera, emakumeen sorgin-ehizan ere jardun zuela. Ion Andoni el Amok gehitu du, izen aldaketa hori kalean ere gauzatu beharko lukeela udalak, eta berari eskainitako estatuagaz zer egin ere bai.

Neguan, eskolak ordu bi gehiagoz zabalik
EH Bilduren mozioa kasik aho batez atera da aurrera, PPren abstentzioa kenduta. Institutua ordutegi zabalago batez irekitzeko eskaeraz aparte, Landako eta Zabalarran ere berdin jokatuko du udalak. Mozioaren arabera, neguan ordu bi gehiagoz egongo dira eskoletako instalazioak zabalik, eta udan beste ordubetez. Ordu horietan argiztapena izatea ere bermatuko dute. Del Amoren ustez, proposatu duten ideia "erraza eta zentzuzkoa" da, eta esan du gurasoen iritziak entzunda sortu zaiela. Goiztidi Diazek (EAJ) bat egin du ekimenagaz, adostasuna erakutsita. Julian Riosek (Herriaren Eskubidea) ideia interesgarria dela esan du, eta pena dela gurasoen partaidetzagaz ez kontatzea. Horregatik, udalak eurekin kontaktua izatea eskatu du. Fran Garatek zalantza agertu eta abstenitu egin da, proiektuak argiztapen, pertsonal eta garbiketa kostuak edukiko dituelako, eta ez delako jaso hasierako mozioan. Alderdiek udal batzordean landuko dute gaia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!