Durangon Jai Alai World Tourreko finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte barikuan eta zapatuan. Munduko puntista onenak batzea nahikoa pizgarri ez balitz, alderdi emotiboa ere izango du jaialdiak.
Zapatuan, 18:00etan, finalaren aurretik, lagunarteko partidu berezi bat antolatu dute. Bikote bat durangarra da: Iñaki Garcia Garitak eta Iñigo Gorostola Arrietak osatutakoa. Durangon eta elkarrekin, aurrenekoz jokatuko dute. Daniatik (Florida, AEB) itzuli berria da Arrieta. Baina hori ez da guztia. Aurrez aurre izango duten bikoteko zestalari bat Gotzon Enbil da. Atzelari zumaiarraren ibilbide luze eta oparoko azken partidua izango da. Zesta profesionala utziko du, besteak beste, munduko txapelketa bost bider irabazi duen atzelariak. Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatuko duen partiduan Roke Alberdi izango du aurrelari.
Finalerdiak, barikuan
Jai Alai World Tourreko finalerdiak barikuan, 21:30ean, jokatuko dituzte. Egiguren-Lopez eta Barandika-Aldazabalen artean dago finaleko bikotea bat, eta, Beaskoetxea-Ekhi eta Olha-Inza bikoteen artean bigarrena. Irabazleek zapatu arratsaldean jokatuko dute finala. Jaialdi bakoitzerako sarrera 10 euro da. Egiguren eta Lopez txapela irabazteko faboritoak dira.