“Lehenengo guk geuk sinistu behar dugu gure lanak duen balioan, eta hori transmititzen ikasi”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 17a, 10:30

Beti ezagutu du saskigintza etxean  Bea Unzuetak. Juan Unzueta aitaren testigua hartu zuen eta, gaur egun, Bizkaian bera da galtzear den ofizio honi eusten dion saskigile bakarra. Otzarak egitea baino gehiago da saskigintza azaldu duenez.

Betidanik bizi izan duzu saskigintza etxean. Noiztik duzu ofizio?
Bai, betidanik ikusi dut aita etxean lanean. Berak ere aitagaz jarduten zuen saskigintzan. Aititak Pilastran ikasi zuen ofizioa, eta, gerora, tailerra zabaldu zuen Durangon eraikitako etxean. Familia osoa Garaitik etorri zen hona bizitzera. Sasoi batean industria ere bihurtu zen. Aititak seme-alaba guztiekin jarduten zuen saskigintzan. Andrek ere laguntzen zuten lanaren aldi batzuetan. Adibidez, otzarak amaitzeko azken josketan. Gizonak lan gogorrenaren kargu egiten ziren: makilatik materiala ateratzea, labealdiak egitea...

Zuen aitak testigua hartu zuen.
Bai. Benetan gustatzen zitzaion saskigintza. Askotan kontatzen zuen Loiolako baserri batean aritu zenekoa: soldaduska egin zuen han, eta behin, menditik bueltan, baserri batean materiala ikusi zuen, uretan utzita. Baserrian gordeta zuten urtebeterako materiala hilabetean xahutu zuten hango baserrikoek eta aitak. Lan asko egiten zen sasoi batean, batez ere, meatzetarako. Otzara oso gogorrak egiten ziren.

Aita saskigile entzutetsua izan zen. Omenaldia egin zioten Euskal Dendan. Nola bizi zenuen?
Aita eta Jose Ramon Salmanton omendu zituzten. Hunkigarria izan zen. Ikustekoa zen aita lanean, oso bizia zen. Aintzatetsia izan da bere lana, eta jardunean ibilitako urteetan lan ikusgarriak egin zituen. Berak egin zuen Gasteizko Gargantua jarrita dagoen otzara. Oso aditua zen ofizioan. Gaztaina lantzen zuen berak. Tradizionalki okindegietan, baserrietan, kontserba industrian, eraikuntzan, meatzetan, itsasontzietarako... erabili izan dira otzarak. Bakoitza erabilera zehatz baterako zen. Landa eremuetan, altzariak ere egiten zituzten: aulkiak, sehaskak... Baziren baita kapotadun aulkiak ere, hondartzan, eguzkitik edo haizetik babesteko.

Hirugarren belaunaldia zara zu. Ofizo gogorra da?
Dedikazio handia eskatzen du saskigintzak. Gustatu egin behar zaizu, jakin-mina sortu behar dizu. Hala ere, sortzen eta esperimentatzen ere ematen ditut orduak.

Gaztaina lantzen duzu zeuk ere?
Bai. Orduango erabilerarik ez dute oraingo halako tamaina handiko otzarek, eta, zorionez, ez da horren material mardula behar. Neurri batean, bestelako pieza batzuekin lan egiten delako jarraitu dut saskigintzan: txikiagoak, beste erabilera bat dutenak... Dena den, saskigintzan edozein landare-zuntz erabili daiteke. Toki bakoitzean, inguru horretan sortutako materialekin egiten da lan. Gurean gaztainagaz, batez ere. Hala ere, aulkigintzarako bestelako materialak erabiltzen ditut: lezka, soka formadun palmondo nanoa... Saretagaz lotutako guztia ere eskuz egiten dut.

Otzarak egitea baino gehiago da, beraz, saskigintza?
Bai. Bionboak, perretxikoak batzeko saskiak... edo berriagoak diren ordenagailu eramangarrientzako zorroak, zapatentzako takoiak, poltsa hiritarragoa... gaur egungo beharretara egokituagoak. Interiorismoan ere erabili daiteke saskigintza: bereizleak egiteko, errotuluetarako... Zurak bere mugak ditu, baina, ikasiaz, gero eta aukera gehiago daudela ikusten duzu. Teknika mailak era badu eragina.

Galtzear dagoen ofizioa da zurea?
Bai. Gipuzkoan pare bat tailer daude, eta Bizkaian neu geratzen naiz.

Hartuko du inork zure testigua?
Baietz uste dut! Ez da erraza halako zerbaitetan hutsetik hastea, baina uste dut egon daitezkeela formulak jendea lan honetan hasteko. Saskigintza askotariko foroetara eramateak ere lagundu dezake. Sormenezko enpresatzat hartu gaituzte orain artisauak, eta denon eskura jarri gura dituzte dauden baliabideak. Baliteke testuinguru horretan sinergia bat sortzea, txip aldaketa bat ematea.

Ez da baloratzen artisautza, oro har?
Baliteke. Baina lehenengo guk geuk sinetsi behar dugu gure lanak duen balioan, eta hori transmititzen ikasi. Denok probatu beharko genuke gure eskuekin zerbait egiten, orduan baloratzen da egindakoa. Askotariko azokak daude, artisauaren lana ezagutarazten eta produkzioa ateratzen laguntzen dutenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!