Paco Buyo, Congo eta Pavon jokalari ohiak etorriko dira Extremeñoren kontrako ongintzazko partidura

Joseba Derteano 2017ko abe. 11a, 18:29

Extremeño futbol taldean aritu ziren beteranoen familia argazkia iazko urte amaieran jokatu zuten partiduan.

Extremeñoko eta Real Madrileko beteranoek elkarren kontra jokatuko dute zapatuan Tabira futbol zelaian. Atsedenaldian Real Madrileko lehenengo taldeko jokalariek sinatutako kamiseta zein baloia zotz egingo dituzte.

Orain bost urte desagertu zen Extremeño futbol taldeko beteranoak urtero batzen dira lagunarteko partidu bat jokatzeko. Aurtengo hitzordua zapatu honetan jarri dute eta berezia izango da. Juanito Maravilla Fundazioaren bidez Real Madrileko beteranoek osatutako talde baten kontra jokatuko dute Tabiran eta batutako diru guztia Fundazioaren eta eskualdeko hainbat elkarteren artean banatuko dute: Rio de Oro, Geu Be, eta Angelman Sindromea elkarteen artean, hain zuzen.

Paco Buyo, Edwin Congo, Francisco Pavon eta Jorge López Marcos ‘Tote’ dira Fundazioko taldea ordezkatuz Durangora etorriko diren jokalarietako batzuk.

Zapatuan, 12:30ean hasiko den partidurako sarrerak Hiper Simply supermerkatuan eta Durangoko kiroldegi bietan eskuratu daitezke lau euroren truke. Egunean bertan ere salgai jarriko dituzte. “1.700 sarrera daude, festa bat izango da eta Tabira bete egin gura dugu”, adierazi du Jose Miguel ‘Txemi’ Lopez ekimeneko sustatzaileetako batek.

Kamiseten zozketak

Partiduaren atsedenaldian askotariko zozketak egingo dituzte: Ander Iturraspe eta Asier Illarramendi  Athletic eta Errealeko jokalarien kamisetak, Real Madrileko lehen taldeko jokalariek sinatutako kamiseta eta baloia, Tabirako saskibaloi taldeko jantziak eta askotariko enpresek eta laguntzaileek emandako produktuekin osatutako otzarak, besteak beste.

Geu Be eta Angelman Sindromea elkarteko gazteak Tabiran izango dira eta partidua hasi aurretik Fundazioak emandako opariak jasoko dituzte.  

Jaenetik Durangaldera

Lopezek Jaenen —Fuensanta herrian— igaro izan ditu udako oporrak eta  hango beteranoen taldekoekin jokatu du. Haien bidez Real Madrileko beteranoen kontrako partidu baten parte hartzeko aukera izan zuen behin eta orduan otu zitzaion antzerako zerbait Durangon antolatzeko ideia. Jende askoren arteko elkarlanari esker aurrera irtengo den ekimena dela dio eta denen partetik “konpromisoa eta lanerako prestutasuna” aurkitu dituela azaldu du. Hainbat hile daramatzate babesle bila eta errifak saltzen eta dagoeneko 9.000 bat euro lortu dituzte elkarteen artean banatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!