Durangoko Azokak 7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan duela azaldu dute antolatzaileek

Jone Guenetxea 2017ko abe. 10a, 17:53

52. Durangoko azokak laister itxiko ditu ateak. Azken ordu hauetan antolatzaileek aurtengo edizioaren balorazioa egin dute. Prentsa oharrean ekimen honen eragin ekonomikoa nabarmendu gura izan dute. Azokak 110.000 bisitari baino gehiago hartu dituela eta 7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan duela azaldu du Gerediaga elkarteak. 

Datu ekonomikoei erreparatuta, Durangoko Azokak egindako balorazioaren arabera, aurtengo edizioak 7’2 milioiko ekarpen ekonomikoa izan du, bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen kontuan hartuta. "Euskal kulturan inbertitzea merezi duela erakusten du", diote antolatzaileek.

Salmentei dagokienez, Landako Guenan parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek diotenez aurtengo edizioan asko saldu da. "Kasu batzuetan edizioak agortu dira, eta badira aurreikuspenak gaindituta bueltatu diren erakusketariak", diote Azokako kideek. 

Ikasle Eguna

Abenduaren 7ko ikasle Egunak aurreikuspen guztiak hautsi zituela aitortu dute antolatzaileek."Azokak apustua egin zuen Ikasle Eguna mantentzeko, bigarren egunean izan arren –orain arte lehenengo egunean antolatu da batez ere– eta bi jai egun ofizialen artean ospatu arren. Azkenean, milaka ikasle gerturatu ziren sormenaren lurraldeaz gozatzera". Trasmisioari begira, egun hori "estrategikoa" dela aitortu du Gerediagak. 

Guneak bisitarien artean geroago eta ezagunagoak dira. Balorazioan guneetako hainbat ekitaldi jendetsu nabarmendu dituzte: Berri Txarrak (Ahotsenea Zuzenekoak), Handia eta Errementari (Irudienea), Ele! (Szenatokia), Ene Kantak (Saguganbara), Glaukoma (Plateruena), Uxue Alberdi, Iñaki Perurena, Silvia Federici (Ahotsenea solasaldiak), Gogoetaren Plazako solasaldiak eta Pirritx eta Porrotx (Areto Nagusia), Game Erauntsia eta Hezkuntza Libre Taldea (Kabi@), besteak beste. Egitarauak bisitariarentzako duen garrantzia ere azpimarratu dute antolatzaileek. Abenduaren 6an www.durangokoazoka.eus webguneak 8.200 bisitagaz marka guztiak hautsi zituen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!