“Jaiki eta oheratu arte edozerk inspiratu nazake, nigan dudan balioa da ”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 10a, 11:00

Jostuna du ama, eta horregatik bizi izan du txikitatik moda edo jostun mundua etxean Maitane Bilbaok. Mungiarra da, Durangon bizi da eta Bartzelonan moda diseinatzaile ikasketak egin zituen. Hamar urtean Mercedes de Miguelegaz jardun du lanean. Orain bere kabuz egiten du lan. Arropa eta jantziak berriz baloratzea lortu gura du: www.instagram.com/maitanebilbao

Nolako jantziak dira zureak?
Jantzi edo arropen balioa apur bat debaluatu egin da, eta berriz baloratzea gura nuke. Hauxe da proposamena: apropos zuretzat, gura duzun jantzi hori sortuko dut, oihal eta tratu bereziagaz. Arropak neurrira egiten ditut, ezkontza edo ekitaldi berezi baterako zein egunerokoan erabiltzeko. Ez da berdina norberarentzat egindako pieza berezi bat izatea, kalitatezko oihal bategaz egindakoa, edo zurearen igualak diren 5.000 egotea. Ez dago era berdinean eginda, maitasun beragaz. Gauzak lehengo erara baloratzea gura dut, kontzientzia hartzea. Oraindik janzten dudan aititaren gabardina dut, maitasun berezia diot. Mungiako sastre batek egindakoa da, istorio bat duena.

Sormena ezinbestekoa da honetan. Zerk inspiratzen zaitu?
Diseinatzaile edo sortzaile baten burua beti dago jardunean. Jaiki eta oheratu arte, edozerk inspiratu nazake, nigan dudan balioa da, beste zentzumen bat.

Oihal bereziak erabiltzen dituzu, Indiatik ekarritakoak.
Bai, urtean behin edo birritan noa Indiara oihalen bila. Kalitate handikoak dira, bizitasun bereziko kolorea dutenak, eta era askotan daude landuta. Miragarriak dira. Baina, hemengo oihal lauekin ere egiten dut lan.

Nolatan Indiatik?
Indiagaz maiteminduta etorri nintzen hara egindako bidaia batetik. Oihalekin, koloreekin liluratu nintzen, eta, harreman ona egin nuen bidaian gidari izandako Niranjan Singh Rathoregaz —bere bidez lortzen ditut oihalak—. Buruari bueltaka egin nuen etxerako bidea. Leku berean gauza bera egiteaz gogaituta nengoen, eta ilusio berri bat topatu gura nuen. Baina beti beldurragaz. Ez da erraza honetan lan egitea, eta zortea izan dut, ikasitako arloan izan dudalako lana. Barne borroka nuen: lan egonkorra nuen, lan asko egiten nuen, ama izan gura nuen... Azkenean, salto egitera ausartu nintzen.

Zeure kabuz hasi zinen?
Bai, urte bi izango dira otsailean. Hilabete baterako Indiara itzuli nintzen eta India iparraldean artisau-lana egiten duten lantokiak, oihalak, zapatak... ikusi nituen Niranjanegaz.

Mercedes de Miguelegaz egin duzu lan aurretik. Aldea dago?
Bai, baina exijentzia hor dago beti. Ikasketak amaituta hasi nintzen praktikak egiten Mercedes de Miguelegaz. Gero, han jarraitu nuen lanean, diseinu arloan. Modan dagoena, ez dagoena, jendeak gura duena... dilema horretan murgiltzen nintzen denboraldi bakoitzean.  

Zer hartzen duzu kontuan jantzi bat diseinatzerakoan?
Pertsona. Eroso duzun horrek emango dizu ondo, eta hori defendatuko duzu ondo. Umeak, gizonak, andrak, modelo itxurakoak... denetarik izan dut.

Pasarela batean ikusi gura zenituzke zure jantziak?
Ez dut ilusio berezirik. Urteak egin ditut mundu horretan eta pixka bat nekatuta nago moda inguratzen duen guztiaz, presio horretaz. Modak denboraldi bat du; nik egindako arropa, aldiz, zuretzat egindako pieza berezia da, iraungitze-datarik bakoa.

Ondo janzten gara?
Bakoitzak duen ahalmen ekonomikoa du, baina arropa merke piloa dago, eta horrek min handia egin du. Lehen hobeto janzten ginen. Dirua nola inbertitu jakin behar dela uste dut. Gauza piloagaz betetzen dugu etxea. Pozik ematen ez duen kontsumismora garamatzate.

Gogoko diseinatzaile bat?
Koloreak eta horiek konbinatzea gustatzen zait, eta hori baloratzen dutenak ditut gogoko. Adibidez, Dries Van Noten. Bertokoen artean, Balenciaga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!