Euskaraldiaren lehen hazia erein dute Durangon

Jone Guenetxea 2017ko abe. 1a, 21:43

Euskaltzaleak aktibatzea helburu duen Euskaraldia egitasmoa aurkeztu dute, gaur, Durangon. Ekitaldi honetan, Karrika antzerki taldeak euskaldunok hainbat alditan bizi ditugun egoerak islatzen dituen antzezlana taularatu du. Euskal Herri osoan hedatuko den egitasmoak Durangon lehenengo hazia jarri du. 

Ane Abanzabalegi AEK-ko kideak aurkezpenean azaldu duenez, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez Ahobiziak eta Belaprestak izatea da helburua. Dagoeneko hainbat eragile batu dira egitasmora (AEK, EHE, Berbaro, ANBOTO, Plateruena, Ibaizabal ikastola eta Durangoko Udala). "Baina, bide baten hasiera baino ez da hau, zerrenda handitzea da helburua. Jakin, guztiok zaudela gonbidatuta", gaineratu du Abanzabalegik. Ekitaldian bertan egitasmoan parte hartu ahal izateko eskuorriak banatu dituzte.

 

Hizkuntza ohituretan eragitea da Euskaraldiaren helburua. Horregatik, Ahobizien eta Belarripresten figurak sortu dituzte. Ahobiziak euskaraz berba egiteko gai direnak dira, eta beraien egunerokoak euskaraz berba egingo dutenak. Belarriprestak berriz, euskara ulertzeko gai direnak dira. Besteak euskaraz ari direnean beraiek gazteleraz erantzun arren, elkarrizketaren hizkuntza ez aldatzeko konpromisoa hartuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!