Durangoko Sorginola Gaztetxean auzolanerako deia egin dute zapatuan

Joseba Derteano 2017ko aza. 30a, 09:10

Lehenengo solairuan asanbladarako espazioa txukundu eta zinema bukatuko dute.

Udan deitutako auzolanek “oso ondo funtzionatu” dutela azaldu dute Sorginolako kideek ohar batean eta beste hitzordu bi jarri dituzte. Lehenengoa zapatu honetan da, 10:00etatik 13:00etara. Hamaiketakoa eskainiko dute. Bigarren deialdia abenduaren 30erako egingo dute.

Sorginolan hainbat proiektu eta erronka markatu dituzte eta aurrerantzean horiek errealitate bihurtzeko lan egingo dute. Zapatuan asanbladarako gunea txukundu eta zinema bukatu nahi dute. Datorren urte hasieratik bigarren pisuan sukaldea egiten hasiko dira. Beste hainbat proiektu ere badituzte: Tronpa Musika Proiektua eraikitzen dabilen entsegu lokala, Durangoko patinatzaileak txukuntzen dabiltzan aterpedun skate gunea eta laster martxan jarriko den Fanzine Literarioa.

Abenduaren 28an Gernikaren Egiak dokumentala eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!