Sexu harremanei buruzko ‘Eingo al deu?’ obra ikusteko beste aukera bat

Aritz Maldonado 2017ko aza. 28a, 16:34

Arazo pertsonalengatik emanaldia bertan behera utzi ostean, Atara Zarata antzerki talde durangarraren Eingo al deu? antzezlana Zaldibarren ikusteko aukera egongo da, berriz.

Emankizuna eguenean izango da, gaztetxean. Obran ez ezik, taldean ere aldaketak egon dira ordutik. Oraingo honetan, Markel Ganboa, Iker Villa, Peio Velasco, Iker Garate, Alex Garcia eta Ane Moreno izango dira aktoreak. Julene Bernaolak zuzenduko du obra, berriz.

Zazpi esketxek osatzen dute Eingo al deu?, eta euskaldunen sexualitatea da esketx horien ardatza. “Aldaketa txiki batzuk egin ditugu obran, baina espero dugu hauek gustuko izatea”, azaldu du Markel Ganboa Atara Zarata taldeko kudeatzaileak.

Atara Zarataren antzezlana Durangoko Plateruenean estreinatu zuten, maiatzean. Ostean, Bilbon, Erandion eta Gasteizen aurkeztu dute obra. Pozik daude taldekideak lanak izan duen harreragaz. “Herri bakoitzetik zerbait eraman dugu, eta uste dut guk ere haiengan zerbait utzi dugula”, azaldu du Ganboak. Antzerki taldearentzat esperientzia bat izaten ari da gainera, obra Euskal Herriko hainbat antzokitara eraman ahal izatea. “Ditugun beste proiektuekin ez gara hainbeste mugitu; errealitate ezberdinak ezagutu ditugu”, argudiatu du antzerki taldeko kudeatzaileak. Negurako, beste bi emanaldi dituzte lotuta, abenduaren 22an Anoetan (Gipuzkoa), eta urtarrilaren 20ean Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!