1.900 erosketa bonu atara dituzte Durangoko Udalak eta Dendak Bai elkarteak

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 28a, 13:27

Abenduaren 11tik eta urtarrilaren 5ra bitartean, D Txartela izeneko kanpaina zabalduko du udalak, Dendak Bai elkarteagaz batera. Bonuak BBK-ko kutxazainetan hartu ahalko dira, edozein bankutako txartela erabilita.

Tokiko merkataritza sustatzeko eta herritarrak bertako dendetan erostera bultzatzeko helburuarekin D Txartela izeneko kanpaina aurkeztu dute gaur udaletxean. Aitziber Irigoras alkateak, Pilar Rios alkateordeak eta Alexander Palacios Durangoko Dendak Bai Merkatari Elkarteko presidenteak herritarrei Durangon gabonetako erosketak egin ditzaten gonbita luzatu diete.

Bonuak 5 euro ordainduta jaso ahalko dira, eta bueltan, 15 euroko balioa edukiko dute. Beraz, 10 euroko oparia izango da erosleentzat. Bestalde Durangoko Udalak 1.900 bonu aterata, 19.000 euro bideratu dituela jakitera eman dute.

Bestalde, Dendak Bai Merkatari Elkarteko kide ez diren dendek ere kanpaina honetan parte hartu dezaketela jakitera eman dute. Horretarako, udaleko HAZ bulegoan edo sac@durango.eus helbidean izena eman dezaketela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!