“Grabaketa soil bat baino gehiago, omenaldi bat izan da hau”

Aritz Maldonado 2017ko aza. 28a, 09:15

Asier Bilbao, grabazioko une batean. Arabako ALEA.

1976ko martxoaren 3an polizia espainiarrak Gasteizen egindako sarraskia dakar gogora Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) pelikulak. Bertako produktore exekutiboetako bat da Asier Bilbao durangarra. Bost asteko grabaketa lanaren ostean, posprodukzio beharretan ari dira orain. Pelikula 2018an estreinatuko da.

Azkeneko lau urteak proiektuan buru-belarri beharrean eman ditu taldeak. Dokumentazio lanetarako, Martxoak 3 elkartearen laguntza izan dute, gainera. Lan asko egin dutela onartu arren, pozik dago Bilbao; kanpoaldeko grabaketetarako, gainera, eguraldi eguzkitsua eduki dute. “Durangarra izan arren, banuen gertatutakoaren berri, baina gutxi. Gasteizen adineko jende guztiak gogoratzen du zer egiten ari zen egun hartan”, adierazi du Bilbaok. Bitxikeria ugari izan dituzte grabaketan. Adibidez, 1976ko egun hartan zeraman jantzi berberekin agertu zen figurante bat grabaketara. Beste behin, 3 de marzo, nosotros no olvidamos (Martxoak 3, guk ez dugu ahazten) abesten hasi ziren aktore boluntarioak. “Ez da grabaketa soil bat egin, askorentzat omenaldi bat izan da hau”, azaldu du Bilbaok.

Gasteizko Zaramaga auzoan gertatutakoak dira pelikularen ardatza. Polizia espainiarrak bost lagun hil zituen langile protesta bat disolbatzen ari zela. Testuinguru horretan, 17 urteko Begoña gaztea eta bere familia dira pelikulako protagonistak.

Euskal Herrian inoiz egin den grabaketarik jendetsuenetakoa da hau, Bilbaoren berbetan. “Guztira, 3.500 bat lagunek parte hartu dute, eguneko 650 batez beste. Zifra hori ez da batere normala gure zinemarako”, dio harro durangarrak.

Hasiera batean, pelikula 2018ko martxoaren 3an estreinatzea zen asmoa, baina atzeratu egingo dela ziurtatu du produktore exekutibo durangarrak. Datorren urteko udaberrian edo udazkenean estreinatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!