Ez futbola, ez saskibaloia, baizik eta eskubaloia eta, gainera, epaile. Azaldu egin beharko didazu…
(Barreak). Umetan Donostiako Jesuitak ikastetxean eskubaloian hasi nintzen. 14 urtegaz, eskola kirolean epaile eskasia zegoela-eta, ikastaro bat egitea proposatu ziguten. Hasieran, biak bateratu nituen. Ondoren, 18 urtegaz, ikasketak zirela-eta jokalari izateari utzi nion, eta epaile jarraitu nuen, gustatzen zitzaidalako.
Epaile lanak esker txarrekoa dirudi. Zergatik hor zentratu?
Batetik, bestela ezagutuko ez zenuen jende asko ezagutzeko aukera eskaintzen du. 21 urtegaz maila nazionalera igo ninduten, eta estatu osotik ibiltzeko aukera nuen. Bestetik, nire kasuan, gustuko nuen kirolagaz lotura bat mantentzeko aukera eskaini zidan. Balioak ere eskaintzen ditu: errespetua, segundo-hamarrenetan erabakiak hartzeko erantzukizuna…
15 urtez asteburu askotan lanean. Gustuko tokian aldaparik ez?
Batzuetan lan sakrifikatua da, jakina. Denbora eskaini behar diozu zure afizioari, sarritan familiari kenduta. Baina, diozun moduan, gustuko tokian aldaparik ez. Gustatzen zait, eta munduko ilusiorik handienagaz egiten dut.
Zaleen partetik, zelakoa da epaileekiko tratua?
Eskola kirolean zaila da. Maila horietako epaileak gazteak dira, esperientzia eta prestakuntza falta zaie eta jokalarien gurasoen partetik presio handia jasaten dute. Epaile baten ikuspuntutik, zalerik txarrenak gurasoak dira, duda barik. Eta hori, eskubaloia ez dela futbola kontuan hartuta. Nire ustez, eskubaloian askoz ere agresibitate gutxiago dago, futbolagaz alderatuta, esaterako. Futbolean denek uste dute arauak badakizkitela, dena ulertzen dutela eta badutela epailea kritikatzeko eskubidea. Baina azterketa bat eginez gero, seguruenik huts asko egingo lituzkete. Eskubaloian ez da maila horretara heltzen, baina, edozelan ere, oso garrantzitsua da psikologikoki ondo prestatzea. Erabakiak denbora gutxian eta estres egoeran hartu behar dira. Asobal ligan txistuak eta presioa izaten dira, baina epailea prestatuago dago horri aurre egiteko.
Estatuan nongoak dira zalerik gogorrenak?
Tira, esan dezagun hegoaldean beste edonon baino apur bat suharrago protestatzen dutela.
Imajinatu: partidua amaitu da eta susmoa duzu erabaki garrantzitsu batean huts egin duzula. Etxera daramazun buruko mina izaten da?
Bai. Zaleak ez du epailearen lana ezagutzen. Epaitutako partidu denetako bideoak ikusten ditugu, egindako akatsak aztertu eta zuzentzeko. Ez hori bakarrik. Epaile izango garen partiduetako taldeen bideoak ere ikusten ditugu. Talde batek zelan jokatzen duen jakinez gero, zelako egoerak sortu daitezkeen aurreikusi dezakegu. Hori zaleek ezagutzen ez duten alderdia da. Epaile batek lan handia egiten du etxean, gero eta epaile hobea izateko. Ordu asko eskaini behar dizkiozu.
Futbol epaileei kosta egiten zaie irizpide bateratuekin aritzea. Eskubaloian ere arazo hori badago?
Eskubaloian epaile bi daude. Beraz, beste horregaz irizpide antzerakoak izatea funtsezkoa da. Sarritan ez da arazo handia, pertsona horregaz urteak daramatzazulako. Ni, esaterako, anaiagaz aritzen naiz. Urte asko daramatzagu elkarregaz eta bata bestearen ezagutza sakona dugu. Anaiagaz aritzeko aukera eskubaloiak eskaini didan pozik handienetakoa da. Urtean zehar batzarrak ere egiten ditugu irizpideak bateratzeko.
Jokalariek, txarto jokatu dutenetan, inguru zabala dute animoak jasotzeko. Epaile batek non bilatzen du aupada hori?
Epaile lanetan lankide duzun horrengan bilatzen duzu. Alderdi mentala funtsezkoa da epaile batengan. Partiduetan akats bat egiten duzunean eta horren jakitun zarenean, egoerari buelta ematen jakin behar da. Ez dago geratzerik.
Akats bat beste bategaz konpentsatzea da epaileak egin dezakeen hanka-sartzerik handiena?
Bai, inolako dudarik barik. Baina ez akats bikoitza delako bakarrik. Kontzientzia lasai ez duzun seinale ere badelako. Partiduaren kontrola izatea oso garrantzitsua da.
Baduzu bereziki gogoratzen duzun partiduren bat?
Asobaleko lehenengo partidua, anaiagaz aritu nintzen aurreneko aldia… 2013an Mediterraneoko Jokoetan ibili nintzen, Turkian. Oso esperientzia aberasgarria izan zen.
Orain Jesuitetan entrenatzaile ere bazabiltza Ibaizabal taldeko neska gazteekin.
Iaz, Kirolenen, goi-mailako entrenatzaile teknikari ikasketak egin nituen. Eskubaloiari buruz gehiago jakiteko egin nuen, jakintzan sakonduz epaile hobea izateko. Jesuitetan oso pozik eta asko ikasten nabil.
Eta epaileak kritikatzen dituen entrenatzaile bihurtzen bazara?
Ez, ez (barreak). Fraile izan aurretik sukaldaria izan bainaiz! Puntualki eta edukazioagaz zerbait eskatu nezake, baina gatazkarik eragin barik, errespetuz.
Zazpi urteko semea eskubaloian dabil?
Kirol anitzak dituzte oraingoz, eta zapatu batzuetan eskubaloian aritzen da. Mutilen talderik ez dagoela da arazoa. Haur-kategoriara arte neskato-mutikoak elkarregaz aritzen dira. Hortik aurrera… klubean ez dute baztertzen mutilen adarra sortzea. Ea posible den.