Nola jaiotako proiektua da Bubulum elkartea?
Olaia Albizu: 2003an hiru lagunek Erdialdeko Amerikara egindako bidaia batean sortutako proiektua da. Dena den, 2006an hasi ginen forma ematen. Orduan ezagutu genuen gugaz lan egiten duen Andres Moreno, Nikaraguara egindako hurrengo bidaian. Berak eraman gintuen Jinotegako (Nikaragua) landa eremura eta behar bereziak dituzten hainbat ume ezagutu genituen han. 2010ean erregistratu genuen elkartea.
Zein arlotan egiten duzue lana? Zeintzuk dira helburuak?
Zaloa Uribe: Jinotegako landa eremuetan egiten dugu lan, Nikaraguako iparraldean. Aniztasun funtzionala duten eta behar bereziak dituzten ume eta gazteekin egiten dugu lan hango komunitateetan. Familiekin ere bai. Ume eta gazte horien bizi-kalitatea hobetzea da helburua. Horretarako, ume horien familiei ere laguntzen diegu. Jarraipen bat ere egiten diegu.
Zeintzuk premia dituzte ume eta gazte hauek?
O.A.: Arlo guztietan dituzte premiak: osasun eta hezkuntza arloan, zein arlo sozialean. Premia horiek asetzeko lan egiten dugu Bubulum elkartean. Bizitza duin bat izan dezaten gura dugu.
Z. U.: Jinotega hiriburutik kotxez ordubetera daude komunitate hauek, kafe-soroez inguratuta. Gainera, familia hauen egoera ekonomikoa oso larria da. Ez dute aukera askorik hiriburura joateko; beraz, nahiko isolatuta bizi dira. Mugitzeko arazo handiak dituzte.
Nola bizi izan dira premia bereziak dituzten ume eta gazte hauek komunitate horietan?
O.A.: Bubulum elkartea bertan lanean hasi zenean, ezkutuan bizi ziren aniztasun funtzionala duten ume eta gazteak. Gurasoek eurek ere ez zituzten zenbatzen beste seme-alaba bat gehiago lez. Zenbat seme-alaba dituzten galdetzean, aniztasun funtzionala zuen hori ez zuten kontuan hartzen. Guk geuk galdetzen genien horiengatik. Maila horretan aldaketa garrantzitsu bat eman da azken hamar urte hauetan, neska-mutil horiek arlo sozialean parte hartzen hasi direlako. Ume eta gazte horien guraso eta familiak hasi dira eskolara eramaten. Arlo sozialean beste paper bat hartu dute.
Beraz, hamar urte hauetan eman dira pausoak.
Z. U.: Familia hauek beraien gizarte edo komunitatean integratzea lortu da hein handi batean. Kasu batzuk zailagoak direla onartu behar dugun arren, umeetariko asko eskolan integratu dira, komunitateko ekintzetan parte hartzen dute, eta, garrantzitsuena dena, familiek informazio eta baliabide edo erreminta gehiago dituzte bizi duten egoera horri aurre egiteko.
Komunitate horietako jendeagaz elkarlanean daramazue proiektu hau aurrera?
Z.U.: Bai. Bertako sei pertsona daude lanean. Lau hezitzaile daude, eta bakoitzak komunitate batean egiten du lan. Behar bereziak dituzten familia hauen etxeetara joaten dira laguntzera. Horrez gain, paper kontuak daramatzan koordinatzaile bat dago, eta beste bat helduentzako tailer okupazionalak eramaten dituena; hezkuntza bereziko ikastetxe batean irakasle da azken hori. Oso garrantzitsua da emakumeok egiten duten lana, eta harro gaude. Umeekin eta gazteekin eurekin ez ezik, familiekin eta, batez ere, emakumeekin ere egiten dutelako lan, neska-mutil horien amekin. Emakumeon paperari garrantzia eta indarra ematen dizkiote, borroka horretan, emakumeen jabekuntzan, ere eraginez.
Sexu abusuak jasan dituzten gaztetxoekin ere lan egiten duzue.
Z.U.: Beste elkarte batzuekin batera eta momentu zehatz batzuetan lan egin dugu alor horretan. Modu puntualean laguntzen dugu. Sexu abusuekin arazo larria bizi dute, baina ez da gure proiektuaren zati bat, nahiz eta komunitateko etxeetan Bubulumegaz lan egiten duten hezitzaileen lanak baduen eragina arlo horretan. Sexu abusuren baten aurrean laguntza ematen dute.
Zeintzuk dira Bubulumen finantziazio iturriak?
O.A.: Finantziazioa hiru bidetatik lortzen dugu. Batetik, bazkideen urteko kuotak ditugu: 70 bat bazkide ditugu, eta 52 euroko kuota ordaintzen du bakoitzak. Bestetik, Oñatiko Udalak emandako diru-laguntza —han dago erregistratuta Bubulum elkartea— dugu. Horrez gain, askotariko ekintzak antolatzen ditugu proiektuak garatu ahal izateko dirua lortzeko: Oñatiko azokan egoten gara, eta Durangon Goienkalen asteburuan zotz egiten diren otzarekin ere lortzen dugu dirua.
Zein da Bubulumen etorkizuneko erronka?
Z.U.: Aniztasun funtzionala duten ume hauen ongizatea bermatu dezala Nikaraguako gobernuak. Hori da elkartearen erronka. Uste dugu herrialde horretako gobernuak bere gain hartu beharko lituzkeela ume eta gazte hauen hezkuntza, osasun eta gizarte arloko premiak. Hori lortu arte, Bubulumek han jarraituko du lanean.