“Mocker´s izan aurretik lagunak ginen, adiskidetasuna da bizirik irauteko gakoa”

Aritz Maldonado 2017ko aza. 24a, 13:00

Argazkia: Sara Estevez eta Kepa Bordes

Bizitzaren herena daramate Mocker´s-eko kideek musikari lotuta, eta nabarmentzekoa da hori 24 urte baino ez dituztela kontuan hartuta. Dozenaka kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian, eta bakoitza azkena balitz bezala gozatzen dute. Beats of Freedom lan berria aurkeztuko dute gaur Plateruenean, dakiten modurik onenean: taula gainean guztia emanez.

Nolako harrera izan du diskoak?
Ritxi Blanco: Ona, momentuz. Esan digute igartzen dela jauzia, bai konposizioetan, bai soinuan.
Jon Garcia: Ez dakigu hori lagunak direlako esan ote diguten, baina! (barrez).

Diskoa entzunda, badirudi helduagoa dela hau, eta soinu aldetik, astunagoa. Bilatzen zenuten zerbait izan da?
R.B.: Natural irten zaigu horrela. Aurreko lanean, beharbada, 70eko hamarkadako soinuaren bila ibiliko ginen, baina, oraingoan, pisu gehiago izan dute sentimenduek, buruak baino. Sortu ahala eman diogu forma.  
J.G.: Abestietan guri gustatzen zaiguna egiten dugu. Jendeari gustatzen bazaizkio, hobeto, baina ez dugu hori bilatu.
Asier Elias: Erritmoak, adibidez, bihurriak dira, guri horrela gustatzen zaizkigulako.

Guilty of Being White kantua aurreratu zenuten joan den astean. Haserre zaudete munduagaz?
A.E.: Diskoan errepikatzen den konstante bat da. Egungo munduaren egoera zoramena da.
R.B.: Ez da disko kontzeptual bat, baina ildo orokor bati jarraitzen saiatu gara. Krisiei buruzkoak dira hitzak, krisi ekologikoa, politikoa, soziala... Gazteak gara eta haserre gaude!

Ingelesez abestu duzue beste behin. Erosoago zabiltzatelako?
R.B.: Entzuten dugun musika, nagusiki, ingelesez da, eta arraroa egiten zaigu beste modu batera egiteak. Disko honetarako, euskarazko pasarte bat erabili dugu, errezitatuta. 2011an idatzi nuen hori.
J.G.: Saiatu izan gara; aurreko diskoko abesti bat euskaraz zen, adibidez.

‘What´s this shit on the radio’ abesten duzue. Zergatik?
R.B.: Radio abestian ez dago metaforarik: ez dugu gustuko gaur egungo irrati eredua. Ez musika aldetik, ez mezu aldetik.
J.G.: Ez diogu rocka bakarrik egon behar denik, denetik egotea gura dugu.

Plateruena aukeratu duzue aurkezpenerako. Zergatik?
A.E.: Oso ondo zaindu gaituzte beti, eta sonoritate oso ona du.
R.B.: Luxua da Durangon horrelako areto bat edukitzea.

Eta hemendik aurrera?
R.B.: Kontzertu batzuk lotu ditugu, eta gure asmoa ahalik eta gehien jotzea da.
A.E.: Asko gustatuko litzaiguke kanpora irtetea, ea ze aukera dagoen.
J.G.: Leku berriak ezagutzea eta zure musika beste toki batzuetara eraman ahal izatea motibazio berri bat da.

Gaztetxean ala makrojaialdian, zeinetan gusturago?
R.B.: Niri gaztetxeak edo areto txikiak gustatzen zaizkit, dudarik barik! Bertan sortzen den zirrara hori bakarra da.
A.E.: Niri gehiago gustatzen  zaizkit aretoak. Jotzean gehiago disfrutatzen dut ondo entzuten bada.
J.G.: Toki handietan aritzeak jende gehiagorengana iristea errazten du, baita ere.
R.B.: Iritzi ezberdinak ditugu, baina badakigu adostasunetara heltzen.

Hori da zortzi urte elkarregaz irauteko sekretua?
R.B.: Adiskidetasuna da gakoa. Mocker´s sortu baino lehen, lagunak ginen; hau apurtzea lagun arteko lotura apurtzea litzateke. Aitak sarri esan dit gure altxorrik handiena eskolako lagunekin joan ahal izatea dela. Eskolako lagunekin lortu ahal izan dut The Darkenessegaz jotzea, Mundaka Festivalen jotzea eta bi CD kaleratzea.
J.G.: Ez dago dirurik hau ordainduko duenik! Asteburuetan bada ere, gustura gatoz entseatzera.
A.E.: Nik musika ikasketak ditut, baina niretzat ez dago Mocker´s-egaz jotzea bezalakorik. Honi esker iritsi naiz naizena izatera. Hau familia da, eta ezin da galdu!

Zortzi “askatasun kolpe”, 40 minutuko bidaiarako

Capsula taldeko Martin L. Guevararen gidaritzapean grabatu dute durangarrek Beats of Freedom disko berria, Bilboko Silver Recordings estudioetan.  Percute Animas aurreko diskoan bezala, hiru taldekideek elkarregaz grabatu dituzte abestiak. “Martinek gure filosofia berdina du: rocka zuzenean jotzen da”, azaldu du Blancok.

Diskoaren azala Smoke Signal estudioko Markel Urrutiak egin du. Urrutiak nazioarteko taldeekin egin du lan, Mars Red Sky taldeagaz, adibidez.

Plateruenekoa, berezia
Ohiko rocka baino urrats bat urrunago doaz Beats of Freedom-eko abestiak. Adibidez, diskoa ixten duen (R)evolution abestirako, soken laguntza izan dute. “Pink Floyd edo King Crimson gogoratzen zigun abestiak, eta hurbiltzen saiatu gara”. Grabazioan Ane Ibarrak (biolina) eta Nerea Aizpuruak (biolontxeloa) parte hartu zuten. Gaurko kontzertuan ere arituko dira, zortzi minutuko obra ahalik eta modurik fidelenean erakusteko. Pianoan Ritxiren anaia Jose A. Blancok lagunduko die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!