Durangoko auzo batzuk gutxiago garbitzen direla salatu, eta bereizketa amaitzeko eskatu du EH Bilduk

Markel Onaindia 2017ko aza. 22a, 14:44

Zabor bilketaren kontratua urgentziaz berritzeko beharra azaltzeko hainbat datu eman ditu EH Bilduk. EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak 2018rako aurrekontuan proposatu du lizitazio berria egitea, baina EH Bilduk "ez du onartzen" aurrekontura baldintzatzea, ikusita 2017an aurrekonturik ez dela onartu. Auzoei erreparatuta, garbiketa sistemak "lehen eta bigarren mailako herritarrak" sortu dituela dio EH Bilduk.

Zabor bilketa herritar askoren kexa iturri da Durangon. Kontainerrak egoera txarrean daudela, auzo batzuk ez direla behar beste garbitzen... herritarrek kalean eta sare sozialetan sarri egin izan dituzte kexak. EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du kontratu berri baten beharra azaleratzeko; duela urte bi eta erditik luzatuta dago gaur egungoa. Udal azterketa bateko datuak aintzat hartuta, auzoen arabera garbiketa desberdina dela salatu du EH Bilduk. Durango 12 eremutan banatzen da garbiketa egiteko, eta diotenez, 7tan egunero garbitzen den bitartean, besteetan astean birritan soilik. San Fausto auzoaren kasuan, astean behin ere izan ohi da. 

Bestalde, alderdiak dio aurten 174 bider konpondu dituztela zaborra batzeko eta kaleak garbitzeko tresneriak. Lurpeko zaborrontzien kasuan, 60 konponketa egin dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!