Azaroaren 25a

“Korrika egin gura duen edonork aurkitu dezake bere tokia taldean”

Joseba Derteano 2017ko aza. 22a, 10:00

Azaroaren 25ean bigarren aldia egingo du indarkeriaren aurkako Emakumeen Lasterketak Durangon. Bost kilometroko proba da, eta 17:00etan hasiko da, Ezkurdin. Aurretik, gizon eta gaztetxoei zuzenduriko beste laburrago bat (1,6 km) egingo dute. Durango Kirol Taldeak antolatzen duen ekimena da. Aurten beste ekimen bat ere abiatu dute: korrika egiteko emakumeen taldea. Libe Alzola Berriozabalgoitia (Durango, 1972), Ioar Oteiza Goienetxe (Lesaka, 1988) eta Kattalin Azurmendi Oceja (Durango, 1996) talde horretako kideak dira, eta gustura dabiltzala diote.

Zelan batu zineten taldera?
Libe Alzola: Durangon kartel batzuk ikusi nituen galdera honegaz: ‘Nahi al duzu gurekin korrika hastea?’ Jartzen zuen egunean bertaratu, eta ekimen berria zela kontatu zuten. Esaterako, seme-alabaren bat izan ostean kirola alde batera utzita zutenei zuzenduta zegoen. Hain zuzen, horixe zen nire kasua.
Ioar Oteiza: Lan kontuengatik Durangon bizi naiz astegunetan. Nik korrika egiten dut, baina hemen ez nekien nondik ibili ere. Ez nuen ezagutzen. Duela urte batzuk Lesakan emakumeen talde batean ibili nintzen korrika, eta hemen horrelakorik bazegoen galdetu nien lankideei. Horrela jakin nuen.
Kattalin Azurmendi: Nik txikitan egiten nuen kirola, baina, gerora, ez. Noizbehinka gimnasiora bakarrik. Amak emakumeen taldera batzera animatu ninduen. Probatu eta gustatu egin zitzaidan.

Ariketa fisikoa egiteaz gainera, bestelako onurak ere eskaintzen dizkizue?
I.O.: Durangon ez nuen inor ezagutzen eta jende berria ezagutzeko balio izan dit.
L.A.: Nik nire ahizpa taldera batzera konbentzitu nuen. Horrela, astean behin behintzat ikusten dut, eta elkarregaz egoten gara. Nire lankide ohi batzuk ere taldean daude. Bakoitza bere aldetik batu da eta taldean berriro egin dugu bat. Beraz, hartu-emanak sustatzeko ere baliagarria da.
K.A.: Nik partaide batzuk ezagutzen nituen, eta beste batzuk ez.
L.A.: Ioar eta Kattalin taldeko batez besteko adinetik behera daude. Neskarik gazteenak dira. Gehienok beteranoak gara, 40 urtetik gorakoak. Kirola apur bat baztertuta genuenok eta berriro hasi garenok. Taldearen hasierako helburua horixe zela uste dut.

Denak batera ala taldeetan banatuta ibiltzen zarete?
I.O.: Talde nahiko heterogeneoa da. Batzuk aurretik korrika ibilitakoak dira, lasterketak prestatzen ibiltzen direnak. Beste batzuek, aldiz, hasieran ez zuten ikusten euren burua 20 minutuan segidan korrika egiten.
L.A.: Ni naiz horietako bat. Ez nuen nire burua 20 minutu baino gehiagoan korrika imajinatzen.
I.O.: Taldeko kideei galdetuta, bakoitzak bere helburu eta arrazoi propioak izango ditu.
L.A.: Eguaztenetan, 18:00etan geratzen gara, Arripausuetan. Taldeetan banatzen gara eta monitore bakoitza taldeen erritmora moldatzen da. Gozamena da. Ezinean ikusten bazaitu, zugaz geratzen da. Animatu egiten zaitu eta gomendioak ematen dizkizu. Norbait atzean geratzen bada, beragaz geratzen dira laguntzen. Azken batean, aurrean doanak ez du laguntzarik behar.
I.O.: Zerbaiterako motibazioa ere beharrezkoa dela esango nuke. Joan zen astean, azaroaren 25eko laterketari begira, bost kilometroko ibilbideekin hasi ginen. Minutu bateko serieak ere egin genituen. Hau da, nork bere burua apur bat behartuz aritu ginen. Bakoitzaren motibazioak bilatzen saiatzen dira, eta hori ondo dago.

Nondik ibiltzen zarete korrika?
I.O.: Lehenengo, beroketa ariketak egiten ditugu, elkarregaz.
L.A.: Abdominalak, luzaketak eta teknika lantzeko ariketak egiten ditugu. Ondoren, korrika irteten gara. Ondoen dabiltzanak zuzenean Astolaraino joaten dira, eta gainerakoak bidegorrian ibiltzen gara. Baina, joan zen astean, denok Astolara joan ginen, Ioarrek esan duen moduan azaroaren 25eko lasterketa prestatzera.

Beste lasterketa batzuetan parte hartu duzue?
L.A.: Nik ez. Niretzat lehenengo aldia izango da.Taldean ez ezik neure kontura ere ibili izan naiz korrika, prestaketa osatzeko. Ea zelan irteten zaidan.
I.O.: Apur bat utzita izan dut, baina, orain gutxi, nire burua motibatzeko, hamar kilometroko proba egin nuen Donostian. Joan zen asteburuan Donostia-Behobia pena apur bategaz jarraitu nuen. Inbidia apur bategaz. Pare bat aldiz egina dut.

Zelan konbentzituko zenuten taldera batu ala ez, dudatan dagoen emakume bat?
I.O.: Ez dela pertsona konkretu batentzako taldea esango nioke. Adin eta helburu anitzeko jendea dagoela, hainbat monitore daudela… Korrika egin gura duen edonork aurkitu dezake bere tokia taldean. Beste mota bateko ariketak ere egiten ditugu. Gainera, eguraldi txarra dagoenean, irteteko arrazoi bat da, motibazio bat. Niri gertatu izan zait. Ordu eta toki bat jarrita dagoenean, zeure burua pixka bat behartzen duzu.
K.A.: Bakarrik bazoaz, nekatzen zarenean geratzeko tentazioa egoten da. Taldean joanda animatu egiten zaituzte, eta errazagoa da.
L.A.: Taldean joanda, erdia nekatzen zarela esango nuke. Benetan.

Azaroaren 25eko lasterketa nagusian emakumeek bakarrik parte hartu dezakete. Zer onura ikusten dizkiozue bereizgarritasun horri?
I.O.: Korrika egiten duten gero eta emakume gehiago dauden arren, oraindik gizonezkoak gehiago dira. Beraz, horrelako lasterketak emakumeak korrika egitera animatzeko modua dira. Nahiago genuke hemendik urte batzuetara horrelako lasterketarik behar ez izatea eta gizonen eta emakumeen parte-hartzea parean egotea. Baina une honetan ez gaude egoera horretan. Emakumeen lasterketak egoera bisibilizatzeko, jendea sentsibilizatzeko eta emakumeak animatzeko balio du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!