Bost eguneko bidaia sormenaren lurraldean zehar

Aritz Maldonado 2017ko aza. 21a, 12:34

Abenduaren 6tik 10era ospatuko da 52. Durangoko Azoka. 200 kultur ekitalditik gora egongo dira, eta 400 nobedade baino gehiago aurkeztuko dira bertan. 

Gaur aurkeztu da 52. Durangoko Azoka. Azken bi urteetan bezala, bost eguneko azoka izango da. Abenduaren 6tik 10era arte 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira bertan, eta guztira, 400 nobedade aurkeztuko dira 240 postutan. Areto nagusiaz gainera, beste zazpi gune izango ditu aurtengo azokak: Saguganbara, Azoka TB, Plateruena, Irudienea, Szenatokia, Kabi@ eta hamar urte bete dituen Ahotsenea.

Nobedade nagusi batekin dator 52.Durangoko Azoka. Hain zuzen ere, beka bihurtuko dute Argizaiola saria. Gerediaga elkarteak erabaki du Omentzetik ereitera beka izatea hemendik aurrera. Hogeita bost urteotan kultur alorrean aritu direnak omendu ditu sari honek. "Euskarazko kultur sorkuntzari ekarpena egin asmoz, sortzaile berriei laguntza eskaini nahi dio Durangoko Azokak beka honen bidez" azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak.  

Ahotsenearen hamargarren urteurren honetan, 70 talde eta bakarlarik aurkeztuko dituzte beraien lanak Landako Gune alboan egoten den karpan. "Azoka ardatza da gure kulturaren sisteman, eta sortzaileak bertan egon behar du" nabarmendu du Lutxo Egia guneko arduradunak. 

Horrez gainera, Durangoko Azokak irauten duen bost egunetan emisio jarraitua eskainiko da euskarazko tokiko telebistetan, eta Durangoko Azokaren webgunean streaming bidez jarraitu ahalko da (www.durangokoazoka.eus).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!