“Kirol Errota gimnasioan etxeko giroa topatuko duzu”

Anboto 2017ko urr. 27a, 09:00

Kirol Errota gimnasioko arduraduna da Jon Urkiza Zugadi (Zornotza, 1987). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien ikasketak egin zituen, eta bere zaletasuna egunerokoan lantzen dihardu. Kirolak osasunean duen eragina nabarmendu du, eta, horretarako, eskaintza pertsonalizatuan eta hurrekoan sinesten du. Hori da Kirol Errota beste gimnasio batzuetatik bereizten duen ezaugarrietako bat. Gainera, klaseak euskaraz ematen dituzte. Giro euskalduna eta etxekoa bizi dute Tabira auzoan dagoen gimnasioan. Berak azalduko digu hobeto.

Kirol Errota gimnasioa gertuko tratuagatik bereizten dela esan daiteke, ezta?
Hori da. Giro euskaldunekoa da, klaseak euskaraz ematen ditugu eta. Etxeko giroa topatuko duzu, jendea eroso eta gustura sentitzen dena. Zerbitzu dibertigarria eta integrala eskaintzen saiatzen gara. Kirol Errota familia txiki bat da, 150 bazkide inguru gaude.

Taldeka zein bakarka parte hartu daiteke.
Kirol modalitateetan dabilen jendearen kasuan, gimnasioaren bidez euren entrenamendua borobiltzea izaten da helburua. Gehienbat osasunaren aldetik jokatzen dugu, eta bakoitzaren berezitasunak eta beharrizanak kontuan hartu. Gaur egun, pertsonalizazio falta dagoela sumatzen dugu. Adibidez, pertsona batek bere helburua argi ez duenean, bere egoera aztertzen dugu, eta nahien araberako ibilbidea markatzen saiatzen gara, bere ongizatera bideratuz.

Zer saio eskaintzen duzue zuen gimnasioan?
Kutsu ugariko jarduerak eskaintzen ditugu, eta gaitasun fisiko bakoitza era espezifikoan lantzen dugu. Gaitasun areobikoa egunero landu ahal izateko, Ciclo-indoor (kaleko hizkeran spinning esaten zaiona)  eskaintzen dugu, asteburuetan ere bai. Bodycombat, giharren tonua lantzeko modalitatea eta pilatesa ere jorratzen ditugu. Horretaz aparte, entrenamendu funtzionala eskaintzen dugu, eguneroko mugimenduetan oinarritzen dena; erresistentzia, malgutasuna, indarra, abiadura eta beste hainbat aldagai.

Zergatik apuntatu beharko nuke gimnasioan?
Kirola ohitura moduan hartu beharko litzateke, gosaltzen, bazkaltzen edo afaltzen dugun lez. Gorputz bakarra daukagu eta urteetan zehar zaindu egin behar dugu, ahalik eta ondoen irauteko. Horrek, gainera, gure egunerokoa hobeto eramatea ekarriko digu, familiagaz, lagunekin...

Anbotoren Lagunek doan dute matrikula

Kirol Errota gimnasioko prezioen baitan, deskontu baterako eskubidea dute Anbotoren Lagunek. Ez dute matrikula ordaindu beharrik, eta 35 euro aurreztuko dituzte. Etxean duten txartelagaz jasoko dute abantaila gimnasioan apuntatzerakoan. Anbotoren Lagun izan gura dutenek, 946 816 558 telefonoan dute aukera.

Hileroko kuota finko orokorra 35 eurokoa da Kirol Errotan. Hala ere, deskontu zehatzak ere badituzte Ibaizabal ikastolako kideentzat. Esaterako, gurasoentzat 30 euroko prezioa dago hilean. Ikasleen kasuan, ostera, 25 euro dira hilean.  

Prezio horien guztien barruan, gimnasioaren erabilera eta klase guztiak sartzen dira. Hau da, gura den saioetara joateko aukera dute erabiltzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!