Sasikoa eta Elorrioko Buskantzako neskek liga irabaztea dute helburu, indarrak batuta

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 16a, 15:30

Sasikoa taldeko neskek ezin hobeto hasi dute denboraldia, bost jardunalditan lau garaipen eta berdinketa bat eskuratu dituzte eta. “Denboraldi hasiera ona egiten gabiltza. Oraindik talde indartsu askoren kontra jokatu ez dugun arren, taldea lan ona egiten dabil”, adierazi du Maite Gonzalez (Berriz, 1992) taldeko kapitainak.

Sasikoa taldeko kapitaina izateaz gain, Durangoko areto-futbol taldeko beteranoenetarikoa ere bada berriztarra. Gainera, hainbat urtetan Euskadiko Selekzioko kide ere izandakoa da.

Gonzalezek aitortu duenez, iaz hamabi urte inguruko futbol ibilbideari amaiera ematea pentsatu zuen. Baina, azken unean, Elorrioko Buskantza taldeko zenbait jokalarik Sasikoan jokatuko zutela jakiteak futbolean jokatzen jarraitzera bultzatu zuen. “Azken denboraldian jokalari gutxi geunden, eta horrek sakrifizio maila handia eskatzen zigun. Horrela jarraitzea oso gogorra zen, partidu guztietan ehuneko ehunean egon behar ginen eta”, esan du kapitainak.

Aurten, berriz, indarrak batuta dabiltza Durangoko eta Elorrioko jokalariak, eta kapitainak aitortu duenez, duela bi denboraldi lez Bizkaiko Liga irabaztea dute helburu. “Oraindik talde berria gara, baina, aurten ez bada, datorren urtean liga irabaziko dugulakoan nago”, aitortu du.

Bizkaiko Liga irabaztea zer den badakite Sasikoa taldeko neskek, eta 2015-2016 denboraldian lez, bide egokitik doaz eskualdeko futbolariak.  “Sasikoa  taldearen arrakastaren funtsa jokalari guztiok talde bat osatzen dugula da”, adierazi du Maite Gonzalezek.

Horrez gain, azken urteotan Sasikoako nesken maila izugarri hobetu da eta, Gonzalezen hitzetan, horren  “errua” Mikel Diestro Euskadiko Selekzioko hautatzaileak du. “Harreman estua dugu eta pare bat bider etorri da gugana, laguntzera. Oso eskertuta gaude”, gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!