26 gune berdeko sare bat osatu nahi dute Durangon

Markel Onaindia 2017ko aza. 10a, 14:22

Udalak 26 gune berde identifikatu ditu herrigunean, bizilagunentzat "erosoak eta lasaiak" direnak, Aitor Larruzea teknikariaren esanetan. Horiek sare baten lotzea eta ibilbideak sortzea da udalaren asmoa. Hala ere, herritarrekin tailerrak egingo dituzte abenduan, euren iritzia jasota behin-betiko plan bat osatzeko. 

Tailerretan parte hartu gura dutenek azaroaren 24a baino lehen eman behar dute izena, 94 603 00 00 telefonora deituta edo bulegoteknikoa@durango.eus helbide elektronikora idatzita. Aitziber Irigoras alkateak azaldu du plana hasieratik izan dela parte-hartzailea, baina herritarrei galdetuta, "oraindik eta parte-hartzaileagoa" izatea gura dutela. Orain arte, udaleko sailetan zeharkakotasunez landu dute gaia, eta bere baitan beste hainbat planen ondorioak jasotzen ditu: Hiri Adeitsuaren Planekoak, Mugikortasun Jasangarriaren Planekoak eta Tokiko Agenda 21ekoak, adibidez. 2012-2013 ikasturtean gazteekin trenbideko lurrei buruz egindako prozesu bategaz hasi zen sare berdearen plana egosten. 

Ibilbide naturalak ere bai
Aurreko iritzi horien eraginez, gune berdeetan eta ibilbideetan bankuak eta estalpeak ezartzea da asmoetako bat, herriko zaharrek proposatuta. Ibilbide natural historikoak bistaratzea ere gura dute; esaterako, San Rokeko ermitatik hilerriraino dagoena. Bere sasoian, paseo garrantzitsua ei zen herrian, eguzkiaren norabideak markatzen zuena. Bestalde, aldaketa klimatikoari aurre egiteko aprobetxatuko dute plana. Erreka inguruetan etorkizunean urak gainezka egiteko arriskua egon daitekeenez, ura xurgatzeko kapazak diren materialak erabiliko dituzte.

Durangon, herrigunearen %20 eremu berde publikoa da, Larruzeak dioenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!