“Erabat liluratu ninduen Shangaik, eta bertan maitemindu nintzen Asiagaz”

Aitziber Basauri 2017ko aza. 6a, 09:15

Enpresa-zuzendaritzako master bat egiteko beka bategaz joan zen Txinara Matxalen Palacio (Durango, 1993). Tianjingo Unibertsitate Teknologikoan urtebete egin zuen ikasten, eta badira hiru urte han bizi dela. Asiak maiteminduta dauka, eta Txina ezagutzen laguntzeko bloga sortu du:  ‘elviajerochino.es’

Zer du berezia Txinak?
Gizarte oso dinamikoa da. Urte gutxitan asko egin dute aurrera, eta tradizioa eta modernitatea uztartzen jakin dute.

Aurretik ere egona zinen Shangain, bi hilabetez.
Bai.Unibertsitateko hirugarren urtean proiektu bat garatu genuen han, eta erabat liluratu ninduen Shangaik; bertan maitemindu nintzen Asiagaz. New Yorken modukoa da hiria, baina askoz modernoagoa eta erakargarriagoa.  

Zertan da desberdina txinatar gizartea gureagaz alderatuta?
Txinan dena  da konplexua. Hizkuntza ondo jakitea zaila da guretzat, burokrazia oso astuna da eta euren ohiturak oso desberdinak dira. Erabat galduta egon zaitezke Txinan lehen hartu-eman horretan: janaria, ohiturak, hizkuntza... gauzarik errazenak ere zailak dira.

Oso desberdinak gara txinatarrak eta euskaldunak?
Berdintsuak gara. Txinatarrak, euskaldunak lez, oso itxiak dira harremanetarako. Euskal Herrian kuadrilla batean sartzea ez da batere erraza; horretan euskaldunon antzekoak dira, baina, hori gainditzea lortuz gero, bizi osorako lagunak dira txinatarrak.

Guztiz integratu zara zu txinatar gizartean. Gustura zaude?
Txinan ditudan lagunek esaten didate, itxura kenduz gero, gainontzekoan beraiek besteko  txinatarra naizela. Asko maite  dudan herrialdea da eta oso integratuta nago. Hemengo kuadrilan hainbat txinatar daude.

Hizkuntza ondo jakitea lortu duzu?
Hitz egitea ez da txarrena, idaztea baizik. Kontuan hartu behar da 3.000 karaktere dituela txinerak. Dena den, datorren urteari begira nire buruari jarri diodan erronka edo helburua da txineraz idatzitako blog bat kaleratzea.

Txina ezagutzeko bloga duzu: ‘elviajerochino.es’. Zein da helburua?
Txinara joan gura duenak jakin behar du han bidaiatzea ez dela gauza erraza. Oso gutxik dakite ingelesa edo beste hizkuntzaren bat, eta metroa edo bestelako garraiobide bat hartzea, adibidez, oso zaila da. Azalpen guztiak txineraz daude eta asko zailtzen du herrialdean mugitzea. Inork ez digu lagunduko, ez digute-eta ulertzen. Horretan guztian lagundu gura du blogak.

Turistari ez ezik negozio munduari zuzenduta ere badago.
Txinara etorri gura duten edo bertan dauden enpresak ditut helburu. Izan ere, burokrazia oso astuna da Txinan, ohiturak oso desberdinak dira eta ez da erraza epe laburrean helburuak lortzea. Enpresei pauso horiek ematen laguntzen diet. Nire proiektu propioa garatzen ari naiz orain, eta lehenengo bezeroekin ari naiz lanean. Costa Ricako enpresa batentzat dihardut orain eta Medikuntza Azoka batean gaude.

Tradizioak eta modernitateak bat egiten dute Txinan?
Bai. Teknologian oso aurreratuta daude. Adibidez, telefonoan dugun Wechat  aplikazioaren bidez, edozein ordainketa egin daiteke. Treneko tiketak, jakiak edo zineko sarrera erosi daitezke. Kreditu txartel baten funtzioa du.

Zenbat egun behar ditugu hura ikusteko?
Txina oso handia da eta egun asko gordez gero, askoz hobeto. Baina, gutxienez, hamar egun behar dira lehen bidaia bat egiteko, eta seguruenik ez da izango egingo duzuen bakarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!