Herri Maiteren kontzertu berezia publiko gazteagoa erakartzeko

Aritz Maldonado 2017ko aza. 4a, 10:30

Kontzertu berezia eskainiko du Herri Maite akordeoi taldeak gaur. Ikuslego gazteago bat erakarri nahian folkloretik urrun geratzen diren abestiak prestatu ditu taldeak Jesuitak ikastetxeko elizan eskainiko duten kontzerturako. Game of Thrones edota  Bohemian Rhapsody (Queen) bezalako abestiak moldatu ditu akordeoi taldeak. “Historian zehar mota guztietako abestiak jo ditugu, soinu bandak, euskal musika, klasikoa... Oraingo honetan, berriz, publiko gazteago batengana heldu nahi dugu” azaldu du Antonio Nuñez zuzendariak.

Bi urteko egokitze prozesu baten ondoren dator emanaldi hau. Zortzi lagunek joko dute eskusoinua biharko kontzertuan, Antonio Nuñezen gidaritzapean. Akordeoia izan da beti Herri Maite taldearen oinarri nagusia, halere, beti izan dute bestelako musikarien parte hartzea. Biharkoan, Mikel Nuñez (pianoa), Iker Hernandez (bateria) eta Nekane Coello (zeharkako txirula) musikariek lagunduko diete.

“Baliabideak aprobetxatu”
Kontzertua Jesuitak ikastetxeako elizan egitea ez da kasualitatea taldeko zuzendariaren arabera. Izan ere, kontzertu bat prestatzerakoan kontutan hartzen zeintzuk diren tokiaren baliabideak. “Ikuskizun honek behar duenera bikain moldatzen da Jesuitak”. Bertako akustika egokia izateaz gainera, bideo irudiak eskainiko dituzte, abestiak janzteko. “Teknologia berriak hain eskura dauden garai hauetan, aprobetxatu egin behar dira”. Horrela, publikoari esperientzia indartsuago bat eskainiko diotela uste du Nuñezek. “Bati baino gehiagori kostako zaio aulkian geldi geratzea abestien erritmoarekin”.

Aurrera begira, taldea egonkortzea eta kontzertu gehiago eskaintzea da asmoa. Izan ere, 2018an 30 urte beteko dira Herri Maite jaio zenetik. “Garrantzitsuena urteak betetzen jarraitzea da, are gehiago, gurea bezalako talde batentzako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!