“Gaztetxoen eredu izatea eta gogotsu gabiltzala erakustea garrantzitsua da”

Joseba Derteano 2017ko aza. 4a, 11:30

Saskibaloia, errugbia eta futbola nagusi diren herrian, eskubaloiak helduleku txiki bat du Ibaizabal taldean. Nesketan zein mutiletan adibide bakarra dira. Euskadiko ligan igotzeko borrokan dabiltzan bitartean, zaletasuna sustatzeko lana ere egiten dute gaztetxoak entrenatuz edo euren erreferente izaten saiatuz.

Iazko denboraldiko balorazioa egitean, aurten pauso bat aurrera eman eta goialdean ibiltzeko erronka jarri zenuten. Zer baldintza ikusten zenituzten horretarako?
Edurne Galizia: Iaz jokalari gazteak talde nagusira igo ziren. Beste batzuk unibertsitatean hasi ziren eta ezin ziren besteekin entrenatu. Elkar ezagutzeko eta taldea egiteko denboraldia izan zen. Orain konexio handiagoa dugu eta igotzeko aukerak baditugula ikusten dugu.

Momentuz, helburuak betetzen ari zarete. Lau partidutan hiru garaipen.
Irati Bereinkua: Bai, eta joan zen zapatuko partiduan lortutako garaipena erabakigarria izan da. Irabazi eta hirugarren tokian jarri gara. Beraz, igoerako postuan gaude orain.
E.G.: Euskadin bi multzo daude eta gu bigarrenean gabiltza. Lehen fasean hiru igotzen dira multzo nagusira eta, ondoren, bigarren fasea hasten da.

Zelako taldea zarete? Erasokorra, defentsa lanekoa…
I.B.: Talde nahiko txikia gara, garaierari dagokionez behintzat. Beraz, partiduei intentsitatea jartzen eta bizitasunez jokatzen saiatzen gara.
E.G.: Gainera, gurea talde gaztea da. Nagusienak 23 urte ditu. Beste talde askotan jokalari gazteenak izaten du adin hori. Gure moduko talde gazteak ere badaude, baina gutxi dira.

Zein da zuen egoera eta rola Ibaizabal taldean?
I.B.: Ba, Edurneren rola oso inportantea da, ezkertia delako. Gure taldean zortea dugu ezkerti bi ditugulako. Nik lerroaren kanpoaldean jokatzen dut. Nire lana jokaldiak antolatzea ere bada. Jokaldiak prestatuta ditugu eta nire postuan dagoenari jokaldiak agintzea egokitzen zaio.

Erantzukizun handiko postua da. Zelan daramazu?
I.B.: Talde aurkaria eta unean uneko egoera aztertuta hartu beharreko erabakiak dira. Batzuetan blokeatu egiten zara, baina ezin duzu zure erantzukizuna utzi. Jokaldi bat edo bestea agintzea inportantea da taldekideek erreferentzia bat izan dezaten. Baina ez nago ni bakarrik. Bi bagara, behintzat. Norbera ideia barik geratzen denean, hegalekoaren eta zentralaren artean aldatzen joaten gara.

Eskubaloia eta zuen taldea oasi bat dira saskibaloia, errugbia eta futbola nagusi diren herrian. Zelan konbentzitzen da neska gazte bat eskubaloira batzeko?
I.B.: Jesuitak ikastetxea da erdigunea. Jokalari asko handik datoz. Jesuitetan asko jokatu izan da eskubaloian, tradizioa du eta urtero egon da talderen bat. Txikiek nagusiagoak jokatzen ikusten dituzte eta hori oso inportantea da kirol bateko zaletasuna sustatzerako orduan. Eskubaloian ari diren jokalariak belaunaldi gazteagoen eredu bihurtzen dira.
E.G.: Gure taldetik entrenatzaileak irten dira. Jesuitetako gaztetxoak entrenatzen dituzte. Kurutziaga ikastolan ere benjaminetako eskubaloi talde bat sortu dute aurten. Kirol berri bat sartu gura zuten eta eskubaloiaren aldeko apustua egin dute. Zelai bat ere egokitu dute eskubaloian aritzeko. Etorkizunera begirako proiektu baten hasiera da.
E.G.: Gure taldeko hiru Kurutziagan dabiltza entrenatzaile. Apurka-apurka, horrela pizten da zaletasuna.

Zuek sentitzen duzue gaztetxoen erreferente izan behar duzuela?
I.B.: Bai. Nahiko inportantea da. Eskubaloia ez da kirol indartsua eskualdean eta garrantzitsua da gaztetxoen eredu izatea eta gogotsu gabiltzala erakustea. Belaunaldi berriek hori sentitu behar dute.
E.G.: Taldekako ohiko kirolez gainera beste batzuk ere badaudela erakutsi behar diegu; eta badaudela baliabideak eskubaloian aritzeko, sarritan nahikotxo kostatzen den arren, entrenatzaileak bilatu behar direlako eta abar.

Kadeteen eta gazteen taldeak dituzue. Gazteek senior adina izango dute laster. Durangaldean talde bakarra zaretenez, Ibaizabalen tokirik ez badago zer beste aukera dute?
E.G.: Beste talde bat sortzea oso ona litzateke.
I.B.: Seniorretako talde bi izatea itzela litzateke. Edozelan ere, orain arte ez gara egoera horretan egon. Nagusitzen doazen heinean, jendeak utzi egiten du taldea, beste erantzukizun batzuk dituelako.
E.G.: Egunen batean egoera horretan bagaude, poztuko gara. Nahiago genuke!

Zuek biok Iurretako Maiztegi eskolan hasi zineten eskubaloian  jokatzen, ezta?
I.B.: Bai, Maiztegi eskolan hasi ginen. Gurasoetako bat eskubaloi entrenatzailea zen, eta beste guraso batzuekin berba eginda, talde bat sortzea erabaki zuten. Gu eta gure klasekide asko batzera animatu ginen. Zortzi bat urte genituen eta 15 bat neska ginen.
E.G.: Dezente ginen, baina DBHra pasatzean askok utzi egin zuen. Lauk jarraitu genuen eta, gure adinekoen artean, guk biok bakarrik. Bagenekien Durangoko Jesuitetan talde bat zegoena. Toki bietako jokalariak batuta sortu zen gaur egungo Ibaizabal taldea.

Gizonen taldea sortzea posible ikusten duzue?
I.B.: Bilbo inguruan talde pilo bat daude. Hemen, ez.
E.G.: Gaztetxoekin egiten da lana. Esaterako, Kurutziagan mutil bi dabiltza eta lagunak animatzen dituzte edo, gutxienez, entrenatzen ikusten dituzte. Hasiera bat izan daiteke. Jesuitetan ere saiatzen dira. Kontua da umetan talde mistoak direla, neska-mutikoak talde berean aritzen dira, baina banatzeko sasoia heltzen denean mutil gutxi geratzen dira, bat edo bi. Orduan, beste kirol bat aukeratzen dute, normalean futbola, indar asko duelako eta euren lagunak ere futbolean aritzen direlako.
I.B.: Bai, futbolera aldatze hori normalizatuta dagoen joera bat da, zelanbait esanda. Askotan gertatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!