Kantxa barruan “borrokalaria” eta kanpoan “taldea animatzea gustuko” duen horietakoa da, bere berbetan. “Gauzak ondo doazenean jokatzea erraza da, baina okertzen direnean inportantea da animoak igotzen saiatzea. Guk garrantzi handia ematen diogu batek bestea animatzeari. Une gaitzetan partiduan sartu zaitzake”, adierazi du ala-pibot durangarrak. Taldearen sendotasunaren gakoa hortxe dago, bere ustez. “Talde batua gara. Urteak joan ahala, jokalari batzuk joan eta besteak etortzen dira, baina beti familia txiki bat egiten joan gara. Jokalariak, entrenatzaileak… badugu talde izaera hori”, adierazi du.
17 urte zituen debutatu zuenean. Harrezkero, hamarkada bat joan da eta denetarik bizitzea egokitu zaio, gehienetan bizipen onak. Igoera fase bi eta final four bat jokatu ditu, baina igoerak ihes egin dio orain arte. “Beti geratzen da arantza txiki bat bi igoera fase jokatu dituzunean. Ikaragarri gustatuko litzaidake mailaz igotzea. Baina, tira, denboraldi bakoitza aukera berri bat da”, dio itxaropentsu.
Bere ibilbide luzean bereziki gogoan du orain urte bi azken faserako txartela eman zien garaipena. “Ikusgarria izan zen. Inoiz ez dut horrelakorik bizi izan. Harmailak beteta zeuden eta hutsarteetan zale denak ‘Tabi, Tabi’ oihuka entzutea hunkigarria izan zen. Umeak, gurasoak, lagunak, aiton-amonak, denak elkarregaz gu animatzen”.
Saria ala obligazioa?
Tabirako-Baqué goian ibiltzera ohitu den taldea da. Beraz, sasoi batean saritzat hartzen ziren lorpenak obligazio bihurtu ote den galdetuta, “bai, izan liteke aldaketa hori eman izana”, erantzun du Berganzak. “Aurreko urteetako ibilbidea ikusita, igoera fasea helburu finko moduan dugu. Ez sailkatzeak zapore apur bat gazia utziko liguke. Lehiakorrak gara, irabaztea gustatzen zaigu eta hor egon gura dugu”, segurtatu du.
Asteburuan orbanik bako ibilbideari eusten saiatuko dira. Zapatuan, 19:00etan, Campus Promete taldeak bisitatuko du Durango. “Igoera fasean euren kontra jokatu genuen. Harrezkero, jokalariak aldatu egin dira, baina talde gogorra izaten jarraitzen du eta ez da erraza izango”, abisatu du.