“Zenbat eta lan ingurune aberatsagoa, orduan eta handiagoa da konpromisoa”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 31a, 10:10

Pertsonen kudeaketa arloan eragiteko sortu zen Bateratzen, orain bederatzi urte. Pertsonak dira enpresek dituzten aktibo preziatuena eta adimen hori kudeatu behar dute lehiakor izateko. Langileen konpromiso eta inplikazio mailak emaitza ekonomikoetan nola eragiten duen ikertzen ari da Alaine Garmendia bere tesian.

Nola lagundu dezake Bateratzenek pertsonen kudeaketa arloan?
Arlo honetan hartzen diren erabaki asko usteetan oinarrituta hartzen dira, eta Bateratzenen bitartez ebidentziak jaso gura ditugu, ikusteko nolako eragina izan dezakeen palanka bati edo besteari eragiteak, pertsonen kudeaketari dagokionez. Egoeraren argazki bat ematen diogu enpresa edo elkarteari lehenengo diagnosi batean, inkesta batzuen bidez jasotako emaitza kuatitatiboak aztertuz. Odol analisi batean lez, asteriskoak identifikatuko ditugu. Bere sektorearekiko duen kokapena ere emango diogu. Ondoren, ikuspuntu orokor batetik, analisi kualitatibo sakonagoa egiten dugu. Interbentzioa da azken pausoa. Hala ere, kasuan kasu ikusiko da zertan eragin.

Zein mailatan eragiten du pertsonen kudeaketak enpresaren errentagarritasunean?
Oso lehiakorra eta aldakorra da enpresa mundua, eta enpresek aurrera begira jasangarria izango den abantaila lehiakor bat behar dute. Hori pertsonengan dago, hainbat ikerketa eta korronteren arabera: langileak lanagaz zenbat eta konprometituago edo inplikatuago egon, orduan eta errentagarritasun altuagoa lortuko dugu. Aktibo preziatuena dira langileak, eurek egiten dute bereizgarri, eta adimen hori kudeatu behar du enpresak. Horretan inbertitu behar da lehiakor izateko.

Horretaz jabe dira enpresak?
Modu inkontzientean bada ere, denok gara jabe. Baina enpresak langile inplikatuagoak gura baditu, beste betaurreko batzuekin begiratu behar du kudeaketa. Pertsonek lan ingurune aberatsa behar dute: erabakiak hartzeko boterea, eta akatsak egiteko eta horietatik ikasteko baimena behar dute. Lanpostua ondo garatzeko formakuntza eta enpresari buruz informazioa ere bai. Horrek langileengan konfiantza izatea eskatzen du. Kudeaketa tradizionalean argi dugu nork hartzen dituen erabakiak, zuzendariak edo kudeatzaileak, eta beti horrela izan denean kosta egiten da delegatzea, konfiantza ematea.

Nola eragin dezake enpresak langilearen lan ingurunean?
Lau palankari eragin behar diete zuzendari eta kudeatzaileek: autonomiari, kudeaketaren inguruko erabakiak hartzeko gaitasunari, informazioari eta formakuntzari. Hor eraginda, lan ingurunea aberatsagoa izango da eta pertsonaren motibazioan eragingo du. Baita konpromiso maila horrek enpresaren errentagarritasunean ere. Horretarako erreminta da Bateratzen.

Enpresaren tamainak badu eraginik?
Bai. Enpresa zenbat eta handiagoa izan, gaitasun ekonomiko handiagoa da pertsonen kudeaketagaz lotutako hainbat ekimen jartzeko. Baina, aldi berean, tratu pertsonala, familia-pertzepzioa, eta informazio eta komunazio kanalak zailtzen ditu. Kudeaketa zailagoa da. 100-125 langiletik gora dituzten enpresetan hobetu daitezkeen balioak ikusi ditugu: ez dute sentitzen bereziak direla, ez dira baloratuak sentitzen. Oro har, konpromiso eta asebetetze maila altuagoa da txikietan, lan ingurunea aberatsagoa delako; errazagoa ere bada.

Sektorearen arabera desberdina da argazkia?
Industria, zerbitzuak, banaketa eta hezkuntza. Sektore horietan diharduten enpresekin lan egiten dugu momentuz, eta bakoitzak bere errealitatea du. Bi erpinak lirateke industria eta hezkuntza. Industrian lan errepikakorrak, lan pobreak ikusten dira gehiago. Hezkuntzan, berriz, lan aberatsagoak, balio erantsia dutenak. Horrek eragin zuzena du. Egoera oso desberdinak ikusi ditugu, baina patroi bat mantentzen da: zenbat eta lan ingurune aberatsagoa izan, orduan eta handiagoa da konpromisoa eta inplikazioa.

Enpresaren estrategiagaz lerrokatuta egotea behar da?
Traineru bat irudikatzen badugu, adibidez, kide guztiek norabide berean arraun egitea ezinbestekoa da. Baina enpresa tipologiaren araberakoa ere bada. Oro har, langileek portaera eraikitzailea dutenean, estrategiagaz lerrokatuta daudela esan daiteke. Baina automozioko muntaia kate batean, adibidez, jarrera pasiboa izatea izan daiteke lerrokatuta egotea.

Zein da gaur egungo argazkia?
500 bat enpresatako —70.000 bat pertsona— datuak ditugu, eta %50ean enpresaren estrategiagaz lerrokatuta daude langileak. Besteetan potentzial lehiakorra galtzen ari dira. Gipuzkoako Aldundiak finantzatutako proiektua izanik, batez ere Gipuzkoako argazkia dugu. Baina Bizkaia, Araba, Espainia eta Europako enpresak ere badaude. Asmoa da Euskal Herrira, Espainiar Estatura eta Europara hedatzea. Administrazio publikoan lan egitea interesgarria litzateke gainera. Bateratzen hedatzeko saioa egingo da azaroaren 21ean, Mondragon Unibertsitateko Galarretako kanpusean; izena ematea zabalik dago.

Tesirako konpromiso eta inplikazio mailak emaitza ekonomikoetan duen eragina aztertzen ari zara. Nola doa?
Zenbat eta langile konprometituagoak izan, altuagoak dira produktibitatea eta errentagarritasuna. Hala ere, inplikazio maila oso baxua da produktibitate altuko enpresetan. Noranzko biko erlazioa da konpromisoaren eta errentagarritasunaren artekoa. Denboran neurtutako balioak behar ditugu kasu bakoitzean kausa edo efektua zehazteko. Horretan gabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!