Silboberrik gonbidatuta, Euskal Herriko hainbat lekutako txistulariak etorriko dira kontzertuan jotzera. Portugaleteko metalen laukote batek eta Barakaldoko perkusionistek ez ezik, Mikel Bikandi gitarristak eta Uxue Alonso teklistak eta bi abesbatzek ere parte hartuko dute emanaldian.
Ohi bezala, dantzak ere presentzia izango du XXIII. Txistu Kontzertuan. Azken urteetan bezala, Durangoko L’Atelier dantza akademiakoek ipiniko diote ikuskizunari propio sortutako koreografia. Bestalde, Ina Etxebarriak eta Jon Aranbarrik osatzen duten tango bikotea ere gonbidatu dute.
Jabier Ituarte Portugaleteko Musika Bandako zuzendariak gidatuko du emanaldia, eta Antton Mari Aldekoa-Otalorak egingo ditu aurkezle lanak.
Doinu tradizionalek zein modernoagoek osatuko dute emanaldiko errepertorioa, eta hiru estreinaldi egingo dituzte. Ordubeteko emanaldian bederatzi kanta hauek interpretatuko dituzte: Baga Biga; Sugoi; Orain ez, orain bai; La Vida Es Bella; Iñurri Pilo Pilo piramidetua; Bost!; Agur nere bihotzeko jaioterri maitea; Lau urtaroak, lau haikuak; eta Radetzky martxa.