Ara Malikianek hasiko du goi mailako musikarien Hamabostaldia

Itsaso Esteban 2017ko urr. 26a, 13:00
Nerea Aizpurua, Alfredo Sanz, Aitziber Irigoras eta Xabier Arana, programazioaren aurkezpenean.

Urriaren 31n, Ara Malikianen kontzertuagaz hasiko da Durangoko XXVIII. Musika Hamabostaldia. Donostiako Orfeoiaren emanaldia eta Valentin Zubiaurreren Ecos de Oiz obrari buruzko kontzertu-hitzaldi bat jasotzen ditu programazioak.

Durangoko Kurutzesantu Museoan egin duten agerraldian aurkeztu dute, gaur, hiru emanaldi dakartzan egitaraua. Nerea Aizpuru biolontxelo-jole durangarrak, Alfredo Sanz Hamabostaldiaren antolatzaileak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak eman dituzte 2017ko Hamabostaldiaren inguruko azalpenak.

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak zein Alfredo Sanz Musika Eskolako zuzendari eta Hamabostaldiaren antolatzaileak nabarmendu dute, duela bi hamarkada baino gehiagotik bezala, "kalitate goreneko musika eskaintza herritar guztiei zabaltzea" izan dutela egitaraua diseinatzerakoan helburu.

Ara Malikian, 1.060 entzuleren aurrean

Hamabostaldiaren aurreko edizioetan bezala, "musika klasikoa askotariko formatu eta estiloetan" eskaini gura dute programazioaren barruan. Hain zuzen, premisa horren adierazgarri argia da programazioa zabalduko duen Ara Malikianen sorkuntza. Biolin-jole birtuosoa da armeniarra, baina musika klasikotik haratago, popagaz eta rockagaz, areago, antzerkiagaz ere hartu-emana landu izan du. Urriaren 31an, 21:30ean, arituko da Malikian, Landako Erakustazokan. Sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko, eta 1.060 entzuleren aurrean eskaniko du emanaldia. Hirugarrenez arituko da Malikian, Durangon.

Donostiako Orfeoia eta organoa

Azaroaren 5ean, 19:00etan, 120. urteurrena ospatzen dabilen Donostiako Orfeoiaren emanaldia izango da, Durangoko Andra Marian. Arandoño Elkartearen elkarlanagaz antolatu du hitzordu hori Hamabostaldiak, izan ere, Arandoño elkartea ere urteurrena ospatzen dabil, aurten; 20.ena, hain zuzen ere. Xabier Arana Arandoñoko kideak azaldu duenez, elkartearentzat hitzordu berezia izango da azaroaren 5ekoa, Donostiako Orfeoiagaz aritzeko, Gerardo Rifón organo-jolea gonbidatu baitute.

Nerea Aizpuruaren proiektua

Azkenik, Nere Aizpurua Durangoko biolontxelo-joleak Musikeneko ikasketen gradu amaieran aurkeztu zuen lana eszenaratuko dute berak eta bere taldekideek, Hamabostaldiaren barruan. Valentin Zubiaurre musikari garaitarrak sortutako Ecos de Oiz obra da Aizpuruaren lanaren ardatza, eta Erromantizismoa eta Nazionalismo Musikala Durangon hitzaldi-kontzertua eskainiko dute San Frantzisko elizan. Aizpuruaren biolontxeloa laguntzen, Arrate Monasterio jardungo da pianoan, Maider López biolagaz, eta Ander Berrojalbiz, biolagaz eta azalpenak ematen. Azaroaren 12an, 19:00etan, izango da azken emanaldi hori. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!