Bogoroditsie abesbatzeko kideak azken urte honetan prestatzen ibili diren ikuskizuna da Herejía. Kantuak ez ezik, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza ere baliatzen dituena. Durangoko Kurutzesantu Museoko oholtzan, beraz, elkarrekin interakzioan arituko dira abesbatzeko 20 abeslari baino gehiago, musikariak eta aktoreak. Kontatu dutenez, azken urteetan egin duten esperimentaziorako bidean aurrera jarraituta sortu dute Herejía ikuskizuna. Durangoko biharko bi emanaldien ostean, ahal beste lekutan eskaini gura dute ikuskizuna zuzeneko emankizunetan.
Alonso de Mella frantziskotarrak XV. mendean bultzaturiko mugimendu heretikoaren kontra Inkisizioak Durangon eragin zuen jazarpena da Bogoroditsie abesbatzak sorturiko Herejía obraren oinarria. Taldekideek azaldu dutenez, Jon Ugarriza abesbatzeko zuzendariarena da obraren hasierako ideia, eta bera jardun da zuzentzen.