“Duela 23 urte padela telebistan bakarrik ikusten zen kirol arrotz eta elitista zen”

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 23a, 09:10

Gorka Irazuegik hogei urte baino gehiago daramatza padelean jokatzen. Padelak izan duen bilakaera azpimarratu du durangarrak, eta kirol hau edozeinek egiteko modukoa dela aitortu du.

Nola hasi zinen padelean jokatzen?
20 bat urtegaz hasi nintzen. Lagun batek etxe bat zeukan Nojan, eta sarritan joaten ginen hara. Lagunaren etxe ondoan padel-pista bat zegoen, eta hantxe hasi nintzen jokatzen. Gaur egun ere aritzen naiz.

Nojan jokatzen hasi eta Durangon padel entrenatzaile izatera pasatu zinen.
Hala da, bai. Hamabi bat urtez irakasle lanetan aritu nintzen Durangon, Jolasleku gimnasioan. Eta gimnasioa itxi zutenean, irakasle lana uztea erabaki nuen.

Nolako garaiak izan ziren?
Politak. Batez ere, polita da padelean jokatzen erakutsi diedan mutil zein neska gehienek padelean jokatzen jarraitzen dutela jakitea.

Duela 23 urte jende gutxi aritzen zen padelean; gehientsuenak pertsona famatuak ziren. Inoiz entzun behar izan duzu Aznarren kirolean aritzen zarela?
Bai, sarritan entzun behar izan dut hori. Batez ere, hasi nintzenean. Orduan jende oso gutxik jokatzen zuen, hemen frontoia, pala eta tenisa zeudelako modan. Padela telebistan bakarrik ikusten zen kirol arrotz eta elitista zen.

Hala ere, azken urte hauetan, padelak bilakaera nabarmena izan duela ematen du.
Bilakaera izugarria. Ni jokatzen hasi nintzenean jende gutxi aritzen ginen. Ia ez zegoen zelairik eta padeleko palak oso garestiak ziren. Orduan, hiru pala marka baino ez zeuden, eta guztiak oso garestiak ziren. Beraz, jende askok ezin zuen jokatu. Orain, berriz, tenisko erraketa-etxerik gehienek padeleko palak egiten dituzte, eta horrek jende gehiagok jokatzea ekarri du.

Instalazioen hobekuntzak ere padela indartzen lagundu dutela esango zenuke?
Dudarik gabe. Zelai gehiago egoteak jende eta talde gehiago egotea ekarri du. Hala ere, Durangon zelai falta izugarria dugu. Egun guztian, hainbat jende —federatuak eta federatu gabeak— igarotzen da zelaietatik, eta askok beste herri batzuetako instalazioetara joan behar izaten dute, arratsaldetan umeentzako ikastaroak egoten baitira.

Padelak zer eskaintzen dizu?
Denetarik duen kirola dela esango nuke. Fisikoki  ondo egoten laguntzen dizu, eta une oro burua lanean edukitzea eskatzen dizu. Hori gutxi balitz, kirol oso dibertigarria da.

Jendea ezagutzen laguntzen du padelak?
Bai, sozialki kirol oso ona dela esango nuke. Esaterako, orain, modan dago zerrendak egin, ordu bat jarri, eta izena eman duten beste kirolari batzuekin partiduak jokatzea. Duela urte batzuk ez zen horrelakorik gertatzen. Norberak bilatu behar zituen entrenatzeko bikotekidea eta aurkariak. Gaur egun, ekimen berri honi esker, jende asko ezagutzeko aukera dago.

Egun padela indar dezente hartzen ari da Durangaldean.
Durangon talde indartsuak daude. Esaterako, Padelzaleaken 200 pertsonatik gora batzen gara, eta hori sinestezina izango litzateke duela 20 urte. Gainera, azken urte hauetan padela oinarria sendotzen dabilela esan daiteke. Orain arte, beste kirol batzuetan aritzen zen jendea padelera igarotzen zen nagusitzerakoan. Orain, berriz, haur asko txikitatik hasten dira padelean jolasten.

Padelzaleakeko kidea zara. Nola ikusten duzu kluba?
Klub indartsua garela esango nuke. Egun zazpi talde gaude, lau gizonezkoenak eta hiru emakumezkoenak. 20 pertsona gaude taldeko, gutxi gorabehera. Gainera, lehen esan bezala, gero eta jende gazte gehiagok ematen dute izena, eta horrek izugarri indartzen du taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!