Parisen egin zituen Sistiagak (Donostia, 1932) margogintzako ikasketak, eta Oteiza, Zumeta, edo Chillidagaz, Gaur artisten elkarteko kidea izan zen. Gaur, Txelu Angoitia Gerediagako kidea lagun, 1968an lehenengoz erabili zuen zeluloidean margotzeko teknikari buruz mintzatu da kartelaren aurkezpenean.
52. Durangoko Azokaren kartela erakutsi aurretik, abenduaren 6tik 10era arte Durango "sormenaren lurralde" bilakatuko duen azokaren inguruko hainbat datu eskaini ditu Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak. Abenduko zubian Durangora gerturatzeko gonbidapena luzatu die herritar guztiei: "Bost egun eta 50 ordu izango dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko", aurreratu die.
Ikasle Eguna, abenduaren 7an
Hirugarren urtez, bost egunekoa izango da Durangoko Azoka, eta Ikasle Eguna abenduaren 7an izango da —ez orain arte bezala, azokako lehenengo egunean. Mujikak aurreratu duenez, abenduaren 7ko ikasleentzako tailerretako leku guztiak bete dira jada. Aldiz, helduei zuzenduriko tailerretan izena emateko aukera badago oraindik. Durangoko Azokaren webgunean eman ahalko da izena, urriaren 31ra arte.
Gerediaga Elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, ekimena babesten duten erakunde publikoen ordezkariak izan dira gaurko aurkezpenean. Azokaren garrantzia azpimarratu dute Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak, Ana de Castro Bizkiako Aldundiko Euskara zuzendariak, eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak.