Sanfaustoetan Txosnaguneko kartelburu izango zarete urriaren 20an. Zer eskainiko diezue ikus-entzuleei?
Raval gure bigarren diskoa aurkeztuko dugu Durangon, Tempestes vénen del sud diskoko abestiak ere joko ditugun arren. Hala ere, gure proiektua aurkezteko era ere bada kontzertua, Euskal Herrian ere ezagutu gaitzaten, gure lana ezagutarazteko. Ez ditugu kontzertu asko eskaini Euskal Herrian, baina, egon garenetan, gero eta jende gehiago etorri dela ikusi dugu.
Bazterkeriari eta periferiari eskainitako diskoa da ‘Raval’?
Bai. ‘Raval’ kontzeptu hori, periferiako auzoa, marjinatuen eta babesgabekoen tokia, eraman gura dugu gure musika eta letretara. Mundu horren, ‘raval’ horien ahotsa izaten saiatu gara. Horrelaxe ere ulertzen dugu gure musika.
Zelako harrera izan du diskoak?
Oso ona. Diskoa aurkezteko bira egin dugu Espainiako estatuan, eta Bilboko Antzokian egon ginenean bete egin zen. Salamanca, Granada, Galizia, Kantabria, Madril, Murtzia eta Balearetan egon gara. Katalanez eta valentzieraz abesten duen gurea lako talde batentzat beti da zailagoa traba geografikoa gailentzea hizkuntza ez jakiteagatik, eta oso pozik gaude: ondo doakigulako eta ikusten dugulako beste toki batzuetan interesa dutela gure hizkuntzarekiko eta gure munduaren ikuskerarekiko.
Euskal Herrian egon zaretenean, nolakoa izan da harrera?
Azken urte honetan egon garenean oso sentsazio onak izan ditugu. Irailean Donostian egon ginen eta harrituta geratu ginen etorri zen jende guztiagaz; espero baino gehiagok ezagutzen zituen eta dantzatzen zituen gure abestiak. Gogo handiagaz goaz Durangora. Euskal Herrian ere taldea finkatzeko gogoagaz.
Nola deskribatuko zenukete zuek egindako musika?
Rapean du oinarria, baina musikaldi azkarragoa, dinamikoagoa da. Rap klasikoa baino dantzagarriagoa, dibertigarriagoa. Zuzenekoetan musika-tresnak ere sartzen ditugu. Rap elektro-organikoa edo instrumentuekin egindako rap elektronikoa da guk egindakoa.
2014an sortu zen Zoo. Musika talde gaztea zarete.
Bai, baina hiru urte oso biziak izan dira. Pozik gaude, baina gauden mailan egoteko, esfortzu handia eta gauza asko oso azkar ikasi behar izan ditugu. Bidegabekeriak salatzeko eta aldaketarako tresna baliogarria izan gura duen musikaren eta kulturaren zati horren parte gara.