Aitzol abadiñarrak “musika berria eta klasikoagoa” uztartuko ditu urriaren 12 eta 20ko saioetan. Ruben Costas iurretarrak, bestalde, urriaren 14an eskainiko du pop, rock, ska, eta hip-hop doinuek osaturiko bere kanta zerrenda. Duela zortzi urtetik dihardu Costasek Durangoko Kafe Antzokian musika jartzen eta Gau Elektronikoen antolatzaileetako bat izan zen.
Urriaren 21ean Ainhoaren eskutik joango da Platerueneko goizaldera arteko soinu banda. Ohi duen bezala, “denetik” ipiniko duela dio. Oso estilo desberdinetako kantak bata bestearen ostean, “trantsiziorik barik” ipintzeko erreparorik ez duela aurreratu du.
Gaur eta urriaren 13an, San Faustoetan musika jartzen lehenengoa Karlos iurretarra izango da. Rocka, popa zein elektronika ipiniko du jendea dantzara animatzeko.