Durangoko jaiak

Durangoko karatekak izango dira protagonista txupinazo txikian

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 11a, 09:04

Familia handia da Wado-Kan Karate-Ninjutsu Kluba. 120 karateka, ume zein heldu, dituen taldea urte luzez ari da arte martzialen praktika durangarren artean bultzatzen.

Aurtengo San Fausto jaietan, urte hauetan guztietan egindako lanagatik txupinazo txikia botatzeko aukera izango dute Wado-Kan Karate-Ninjutsu klubeko kideek. “Itzela da guretzat txupinazo txikia bota ahal izatea” aitortu du Saul Peña klubeko kideak. Pregoia jaurtiko dutenak Ane Izagirre eta Aingeru Salas gaztetxo durangarrak izango diren arren, taldekide guztiak “pozez zoratzen” daudela aitortu du Peñak.

1986 sortuta dagoen taldeko kideek aitortu dutenez, Durangoko herriak hogeita hamaika urte hauetan egindako lana eskertu die, eta horregatik oso pozik daude. “Guretzat Durangoko herriak egiten digun eskertza bat da hau, eta beraz, gu ere oso eskertutata gaude”, esan du Peñak. Horrez gain, irailaren 15ean 12:00etan jaurtiko duten txupinazoko unea “ahaztezina” izango dela gaineratu dute taldeko kideek.

Karatea bultzatzen
31 urtez Durangon arte martzialen praktika bultzatzen dabiltzan kideen esanetan, eurek eskaintzen duten kirol honek “indar nahikotxo” du herrian. “Badakigu futbolak, saskibaloiak eta errugbiak jende asko mugitzen dutela, baina, guk ere jende dezente mugitzen dugu Durangon. Eta, hemendik aurrera, jende gehiago ezagutzea espero dugu”, bukatu du Saul Peñak Wado-Kaneko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!