Lehenengo aldia da kartel lehiaketa batera aurkeztu zarela? Zerk animatu zaitu?
Bai. Bilboko Aste Nagusirako kartel lehiaketara ere aurkezteko nintzen, baina berandu ibili nintzen. Gero sanfaustoetarako lehiaketara aurkezteko aukera izan nuen eta aurrera egin nuen. Bi lan aurkeztu nituen.
Eta zure lanetako bat izan da aukeratua. Nola hartu duzu berria?
Ezin sinetsita! Baina oso pozik.
Diseinu industriala ikasten ari zara. Horrek sorkuntza prozesuan lagundu izan dizu? Nola sortu zitzaizun ideia?
Neurri batean lagundu izan dit, bai. Beste ideia bategaz lanean nenbilela sortu zitzaidan. Esne tetrabrik batean ikusitako irudi batetik atera nuen ideia: behi baten buruaren forma ikusi nuen, hainbat berbagaz beteta. Hartara, Santa Anako arkuaren irudia hartu nuen, eta horren barruan sartzeko berba zerrenda bat osatu nuen lagun bategaz.
Santa Anako arkua da kartelaren oinarria. Zergatik?
Santa Anako arkua oso adierazgarria dela uste dut, eta aukera ematen zidan hainbat berba barruan sartzeko. Kurutziaga gurutzea, adibidez, estuagoa da eta ez ditu aukera berdinak ematen.
Hainbat hitz batzen ditu Santa Anako arkuak. ‘Durangar nortasuna’ erakutsi gura izan duzu modu horretan?
Hainbat berba daude, bai. Batzuk jaiagaz lotutakoak eta beste batzuk, Durangogaz. Durangarrekin eta jaiekin lotutako berbak dira denak. Urdin kolorea aukeratu dut, horixe delako Durangoko kolorea. Zuriz idatzi ditut berbarik gehienak, eta nabarmentzeko direnak, gorriz.
Ingurukoek zer esan dizute?
Lehiaketara aurkeztu aurretik erakutsi nien ingurukoei, eta asko gustatu zitzaien. Pozik nago emaitzagaz.
Berezia da zuretzat herriko jaiak zure kartelak iragartzea?
Bai. Ilusioa egiten dit. Poztekoa da.
Nola bizi dituzu zuk jaiak?
Ilusioagaz hartzen ditut sanfausto jaiak. Oso giro ona sortzen da eta egun osoan daude ekitaldiak.
Pentsatu duzu zer egin irabazitako sariagaz?
Mugikorra aldatuko dut, zaharkituta geratu zait eta. Behar ditudan beste zenbait gauza erosteko ere erabiliko dut zati bat, eta gainontzekoa aurreztu egingo dut. Durangoko jaietan ere gastatuko dut sariaren zati bat. Lagunei ere pote bat ordainduko diet sanfaustoetan.