Eguen arratsaldea da eta Durangoko anbulatorio zaharreko harrera guneak ezohiko itxura dauka. Alde batean, pertsona batek galdetegiak banatzen dizkie noizerik noizera helburu jakin bategaz sartzen diren herritarrei; beste aldean, mahai bi elkartu eta jan-edanerako gunea atontzen dabiltza Jose Martin Santibañez, Gabriel Minguez eta Rafael Canete. Hirurak Durangoko Mugarra odol-emaileen elkarteko kideak dira eta eguenero errepikatzen duten liturgian murgilduta daude. Herritarren eta Transfusioen Euskal Zentroaren arteko bitartekaritza lanean laguntzea da euren ardura. Elkartea 1969az geroztik dabil lan horretan. Horregatik, urte askoan eta etenik barik egindako lanaren errekonozimendu moduan, aurten elkarteko kideek piztuko dute San Fausto jaiei hasiera emango dien txupina.
“Eskertzekoa da gutaz gogoratu izana”, dio Santibañezek, eta benetako protagonistak odol-emaileak direla adierazi du. “Egiten dutenaren balioa azpimarratu beharra dago. Naturaltasunez etortzen dira eta sarritan ez dira konturatzen egiten dutenaren garrantziaz. Odola ematea bizia ematea da eta errekonozimendu guztia merezi dute. Gu, azkenean, bitartekari batzuk gara”. Bitartekariak ez ezik odol-emaileak ere badira, Minguezek besoko zain baten gainean duen esparatrapu eta kotoi zatiak adierazten duenez. Odola eman berri du. Eurez gainera, Durangon 1.129 odol-emaile aktibo daude. Aktibo deitzen diete azken hiru urteetan odola gutxienez behin eman duten herritarrei. Gehienak, erdiak baino gehiago, 46 urtetik gorakoak dira: herritar aktiboen %55, hain zuzen. 26 eta 45 urte artekoak %36 dira, eta 8 eta 25 urte artekoak, %7,7. Beraz, gazteenak gutxiengoa dira. Azken urteetan odol-emaileen kopuruak “beheranzko joera” duela azaldu du Santibañezek eta joera hori orokorra dela. “Adineko jendea erretiratzen ari da —65 urtera arte eman daiteke odola— eta belaunaldi berrien erreleboa falta da”, adierazi du. Edozelan ere, Durangon mila lagunetik gorako zerrendari eusten diote eta adinean aurrera egin ahala orain gazteak direnak kontzientzia hartzen joango direla espero dute. “Sarritan, gaztea zarenean ez zara ohartzen gizarteko beharrizan askotaz, baina esperientzia pilatu ahala gizarteari zeure aletxoa eskaini gura izaten diozu”, adierazi du Santibañezek.
Odola eman ahal izateko baldintzak ere sasoi batean baino zorrotzagoak dira. “Orain pentsaezina da lehen moduan ematea, beste filosofia bat zen”, azaldu du Minguezek. Lehenengo galbahea harrera gunean bertan dago. Hautagaiek hainbat galderei erantzun behar diete, baldintzak betetzen dituztela segurtatzeko. Handik medikuaren kontsultara igaroko dira tentsioa hartu, odoleko burdin kopurua neurtu eta beste galdera batzuei erantzuteko. Galbahe horiek gainditzen dituztenek odola zein plaketak eman ditzake. Oraingo prebentzio neurriak handiagoak diren arren, odola hobeto aprobetxatzeko baliabideak ere garatu direla diote. Gaur egun, astero 30 eta 40 donazio artean izaten dira Durangon.
48 urte joan dira elkartea sortu zenetik. Besteak beste, Gabriel Gonzalezen eta Anton Garciaren ekimenari esker eratu zen. Elorrion urtebete lehenagotik abian zegoen odol-emaileen elkartea eta elorriarrekin batzartu ziren esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Harrezkero, elkarteak parentesirik bako ibilbidea izan du unean uneko arduradunekin. Santibanezek 42 urte daramatza Mugarran, Minguezek 25 bat eta Canetek 10 inguru.
Txupinazoa
Jaietako txupina piztu eta pregoia irakurtzeko eskaintzak “ezustean” hartu zituela onartu dute. Santibañez Zaldibarko mendi martxa bat egiten zebilen deia jaso zuenean. Pentsatzeko denbora eskatu ostean, onartu egin zuten odol-emaile denentzako errekonozimendutzat hartuta.
Pregoiaren zirriborroa oraindino findu barik daukate, baina, besteak beste, elkartearen eta elkarteko arduradunen historia gogoratzeko, odol-emaileei eskerrak emateko eta herritarrak odola ematera animatzeko baliatuko dutela aurreratu dute.