Juan Unzueta otzaragilea hil da

Jone Guenetxea 2017ko urr. 9a, 15:36

Juan Unzueta Durangoko otzaragile ezaguna 92 urte zituela hil zen atzo. Artisautza Unzuetaren ofizioa eta bizimodua izan da. 

ANBOTOk 2009an elkarrizketa egin zion Unzuetari. Begi bat kazetariagan eta bestea zumean zuen galderak erantzuten zituen bitartean. Saskigileak gogoratu zuenez, 11 urterekin hasi zen ofizioa ikasten Gallartako meategietarako tresnak egiten. "Aitak meategi batzuekin kontratuak zeuzkan. Nire lau anaiak zaharragoak ziren, eta otzaragintzan lan egiten zuten. Hantxe hasi nintzen neu ere oso gazterik. Lana bagenuenez, tailerra ipini genuen bertan, Gerra Zibila iritsi zen arte. Orain urte batzuk Gallartako azoka batean parte hartu nuen, eta hainbat lagunek gure familia oraindik gogoan zeukaten. Horrek poza ematen du", gogoratu zuen durangarrak.

Munduko bazter askotan erakutsi zituen bere lanak. "Londresen 15 egun eman nituen Europa osoko artisauak batzen zituen azoka batean. Madrilgo FITUR azoka famatuan ere birritan parte hartu dut. Estimuz gogoratzen dut orain 21 urte Galiziako 12 herritan erakutsi genuen erakusketa ere", azaldu zuen durangarrak ANBOTOko elkarrizketan. Bizi osoko dedikazioa eskertu gura izan zioten 2009an Euskal Dendaken Artetsu sariarekin.

Andra Marian izango da Unzuetaren hileta, gaur, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!