Bizkaia-Durangok eta Euskadi Muriasek bat egin dute emakumeen taldea ateratzeko

Joseba Derteano 2017ko urr. 6a, 13:01

Agurtzane Elorriaga iurretarra izango da zuzendaria.

Euskadi Basque Country-Murias Taldeak emakumeen txirrindularitza talde bat izango du aurrerantzean. Elkarlanaren eta akordioen bidez gorpuztutako egitasmoa da. “Gure xedea ez da beste taldeen gainetik jartzea”, adierazi dute ohar batean. Horregatik, Euskadiko bi talde garrantzitsuenekin hartuemanetan izan dira eta horietako batekin, Bizkaia-Durangorekin, akordioa lortu dute. Egiturak integratuko dituzte, sinergiak sortzeko. Horrela, Bizkaia Durango-Euskadi Murias deituko da talde berria.

Orain arte Bizkaia Durangoko zuzendari lanetan aritu den Agurtzane Elorriaga iurretarra izango da kirol arduraduna. "Helburu nagusia emakumezko euskal txirrindulari onenak etorkizun hurbilean gurean izatea da, eta Euskadi – Muriasekin elkarlanean harrobia lantzea. 12 txirrindulariko egitura osatu nahi dugu, eta txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera emango digun 40 lasterketa-eguneko nazioarteko egutegia hitzartu", adierazi du Elorriagak.

Jon Odriozola Euskadi Basque Country – Murias Taldeko kirol arduradunak “pausu garrantzitsua” eman dutela uste du. “Aukera berdintasunean sinesten dugu eta elkarlanari lehenbailehen ekin nahi genion”. Proiektu berrirako “pazientzia” ere eskatu du. “Agurtzanek [Elorriaga] denbora izan dezala lan egin eta etorkizunean euskal txirrindulari onenak izango dituen taldea osatzeko”.

Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak talde berriko babesle izaten jarraituko dute eta haiei Euskadi Muriasekoak gehituko zaizkie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!