“Nire ametsa beiragune bat sortzea da, lan egiteko modu hau ez dadin desagertu”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 8a, 10:30

Hamarkada da Josean Garcia Italian bizi dela. Gustura dago bertan, leku “perfekturik” existitzen ez dela dioen arren. Desagertzear dagoen ogibidea garatzea lortu du: beira-putzegilearena. Kale-merkatuetan, azoketan, zenbait dendatan edo erakustaldiak ematera doanean saltzen ditu bere lanak Garciak, besteak beste.

Nondik datorkizu ofizioa?
Ustekabean hasi nintzen. Edinburgora (Eskozia) joan nintzen ingelesa ikastera, eta bost urteren ostean, beira-diseinuan graduatuta nengoen. Beiragile ikastaro bat egin ostean, Edinburgoko Arte Eskolan ikasi nuen. Han puztu nuen lehenengoz beira, eta ikusi nuen hura zela nire bizitza. 2007an, ikasketak amaitzean,Veneziara joan nintzen; Davide Salvadoregaz ikasi nuen han. Italiarra eta eskoziarra den neska bategaz maitemintzeak ere izan zuen eragina. Baina, batez ere, beira puzteak maitemindu ninduen.

Veneziako urmaeleko beira oso famatua da.
Hala da, bai, baina desagertzen ari da. Asko garatu dute beira-lanketa, eta askotariko forma, kolore eta konposizioak sortzeko teknika mordoa sortu dituzte. Nik erabiltzen dudan teknika, adibidez, 1500ekoa da.

Zein da teknika hori?
Murrina famatuetarako erabiltzen dena —koloretako irudi eta ereduak sortzeko teknika—. Millefiori-a da famatuena.

Ikasteko ogibide zaila da beira-putzegilearena?
2003an sartu nintzen mundu honetan eta 2009an hasi nintzen bakarrik lanean. Hala ere, ezer gutxi dakit. Beira-puztea egiten saiatu naizen gauzarik zailena da. Behin eta berriz perla berdinak eginda ere eragin handia du emozionalki edo fisikoki nola zauden, nor daukazun alboan, eguraldiak... denak du eragina puzte horretan. Oso zaila da. Materiala ulertu ahal izateko, askotan egin behar da: izan ere, beira mugimenduan dagoela lantzen duzu — bizirik dagoela diogu guk— eta zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta zailagoa da menperatzea; dena den, aberasgarriagoa ere bada.

Arriskutsua ere izango da
1.100 graduan ari zara lanean metalezko barra baten izkinan. Baina horretan dabilenak badaki nola egin. Ez naiz inoiz erre beiragaz; erremintekin bai, ostera. Hala ere, beira sortzeko nahasketa, sortzen den hautsa arnastea arriskutsuagoa da. 1.300 gradutik gorako tenperaturan kozinatzen da hauts hori labean. Baina nik ez dut beira sortzen.

Erosi egiten duzu?
Bai. Koloretako barratxoak erabiltzen ditut. Modu tradizionalean jarduteko, labea 24 orduan egon behar da martxan, egunero. Muranon, adibidez, urtean behin amatatzen dute, abuztuan, mantentze-lanak egiteko.
Nolako piezak egiten dituzu?
Bitxiak eta etxerako apaingarriak egiten ditut: edalontziak, botilak... Beirazko perla berezitu batzuk ere bai; Muranon baino ez dira horrela egiten. Teknikaren sortzaileagaz, Davide Salvadoregaz, ikasi nuen. Urte bian lan egin nuen beragaz Muranon.

Nola lantzen dituzu?
Koloreak aukeratu  —gutxienez 20 —  eta zeramika-plaka batean jartzen ditut barratxoak. Elorrion egin nuen labe txiki batean sartzen dut gero plaka hori, barratxoak elkar itsasteko. 600-700 bat gradutan lortuko dut hori. Hala ere, 1.000-1.100 gradura heldu arte itxarongo dut, putz egiteko barragaz hartu arte. Gero, beira kontrolatu ahal izateko, mahai baten gainean utziko dut. Beira itxi eta prest gaude pieza lantzeko. Astean birritan egiten dut beira puztea, nahi baino gutxiago.

Ikastaroak ere ematen dituzu?
Bai, horretan hasi naiz. Baina nire ametsa beiragune bat sortzea da, lan egiteko modu hau, beira-putzegilearena, ez dadin desagertu, eta gastuak partekatuta beira-putzegileek euren jardunerako leku bat izan dezaten. Elkar laguntzeko lekua izatea gura nuke eta edozein teknika erabilita beira lantzeko aukera ematen duen lekua. Beiraren elkarte bat sortu gura nuke.

Desagertzen ari den ogibidea da beira-putzegilearena?
Bai. Ikasteko zaila delako, denbora mordoa behar delako menperatzeko. Eta garestia da

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!