Iaz ez zuten emanaldirik eskaini, baina 2012tik lau urtez jarraian igo dira Khuzayma taldekoak San Agustingo oholtzan euren lana erakustera. Urtebeteko deskantsuaren ostean, berriro arituko dira bihar Durangoko ikusleen aurrean. Aurreratu dutenez, aurten hainbat nobedade eskainiko dizkiote bertaratzen den publikoari: popping kale dantza, eta txalaparta eta zeharkako txirularen zuzeneko musika ere izango dira emanaldiaren osagaiak.
Durangoko dantza taldeko kideek aurreratu dutenez, gizakiaren naturarekiko lotura aldarrikatzen duen lana da Raíces. Ikusleei “esentziara jo eta bizitzaren soiltasunera bueltatzeko” proposamena egiten diete dantzaren bitartez.
Aurreko urteetan bezala, Durangotik kanpoko hainbat lagun dantzari gonbidatu dituzte Khuzayma elkartekoek gaurko emanaldira. Bilbotik hiru dantzari etorriko dira, lau Gasteiztik eta beste bat Kantabriatik.