Durangoko Udaltzaingoak urteko lehenengo bederatzi hilabeteetako balantzea egin du, eta guztira 7.319 jardun erregistratu dituztela jakinarazi dute udaleko ohar batean. Horrez gainera, epaitegietara 352 komunikazio bidali ditu. Atestatu eta istripu txostenen artean,berriz, guztira 86 espediente bideratu dira.
Udaltzaingoan erregistratutako jardunen artean daude, besteak beste, oinezkoei eskainitako laguntzarekin lotutakoak (jardun guztien %5,6), animalien ingurukoak (%2,6) edo eta adingabeak atzerrira ateratzeko aitatasun baimenak egiteari buruzkoak (%4,16).
Aurten bestalde, adingabeentzako jarduketa prebentiboetan arreta berezia jartzen ari direla informatu dute: kontsumo kaltegarrien kontrolak eginez eskola inguruetan, adingabeei laguntza eskainiz apustu-lokaletan, alkohol salmenta... Joan den asteburuan esaterako, bi salaketa bideratu ziren denda baten adingabeei alkohola saltzeagatik.
Benjamin Arriolabengoa udaltzainburuaren esanetan “kale eta auzoetan agente gehiago izateko esfortzua egin dugu auzokideen eskariei erantzun azkarrago eta eraginkorrago bat emateko”. Halaber, udaltzainburuak azpimarratu du Udaltzaingoaren “barne antolaketa onari” esker, egun egitura “ireki eta moldagarri” bat dutela. Aitziber Irigoras alkateak adierazi duenez, “Udaltzaingoaren helburu nagusia herritarren segurtasuna bermatzea da eta hortaz, azkenengo urteetan, herritarren beharrizan eta eskaeretara moldatu behar izan da, egunerokotasunean sortzen diren arazo puntualei erantzuna emateko dispositibo bereziak ezarriz”.