AC/DCren bertsioak umeentzako kontzertu berezian, Plateruenean

Itsaso Esteban 2017ko ira. 29a, 13:00

Urteak dira Berbaro Elkartearen eskutik etxeko txikienei zuzenduriko askotariko hitzorduak hartzen dituena Durangoko Plateruenak.

Ikasturte honetan, gainera, umeei zuzenduriko proposamen berritzaile bat dakar Kafe Antzokiak: umeak musikazaletu eta helduak eta umeak musikaren bitartez harremanetan ipintzea helburua duen Rockin’ bizi family sessions.

Rock taldeen bertsioak
Besteak beste, AC/DC, Ramones, The Beatles eta Barricada rock talde ezagunen musika etxeko txikienei hurreratzea da Rockin bizi family sessions ekimenaren helburua, eta talde mitikoen bertsioak egiten dituzten taldeak gonbidatuko dituzte parte hartzera. Lehenengo emanaldia Sparto taldeak eskainiko du.

Hainbat berezitasun izango dituzte Rockin’ bizi family sessions ekimeneko emanaldiek: entzuleen parte handi bat umeak izango direla aintzat hartuta, ohikoa baino bolumen baxuagoagaz egingo dute, eta Nerea Elias “rockaren andereño” rolean jardungo da. Talde bakoitzaren inguruko azalpenak emango ditu, bideoak baliatuz, besteak beste.

Iluntze eta gauetako ohiko kultur eskaintza osatu eta Durangoko Plateruena bestelako publikoentzat erakargarri egitea helburu duen beste ekimen bat ere abiatuko dute, domekan. Iaz estreinatu zuten Aperitifa Sessions, 13:00etako kontzertuen zikloa. Ziklo horren barruko urriko eta azaroko hitzorduak publikatu dituzte. Urriaren 1ean Borja Estankona arituko da, eta azaroaren 5ean, Mikel Uraken.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!