Durangoko Kulturalak indartsu hasi du liga eta Hirugarren Mailako liderra da

Joseba Derteano 2017ko ira. 30a, 10:30

Hirugarren Mailako bost jardunaldi joan direnean, Durangoko Kulturala sailkapeneko buruan dago. Iaz igoera fasea jokatu zuten eta aurten bide beretik edo hobetik hasi dira. Durangoko taldearen sasoi onaren isla da Errege Kopan egindako lan bikaina ere. Torrelavegako Gimnastica kanporatu ostean, maila bat gorago dabilen Elx-i hortzak erakutsi zizkion.

Kulturalak hamar bat jokalari berri ditu aurten. Taldea osatzerako orduan denak “ideia eta sentsibilizazio berekoak” izatea bilatu dute jokalari bakoitzaren “kalitate edo errendimenduaren gainetik”, Igor Nuñez entrenatzailearen esanetan. Gainera, “jokalariek euren artean familia indartsu bat osatzen duten zortea dugu”, gehitu du. Beñat Alberdi eta Unai Arizmendiarrieta punta erdiak, eta Jon Aranda zentrala dira talde nagusira batu diren eta sarritan titular jokatzen dutenetako hiru adibide. Lehenengo biak harrobiko jokalariak dira. Alberdi Durangora bueltan da Santutxutik igaro ostean. Arizmendiarretaren kasua azpimarratzekoa da. Iazko aurredenboraldian lesio larria izan zuen belaunean, gazteen taldetik saltoa emateko prest zegoela. Urte osoa errekuperatzen emanda, aurten “ate nagusitik” itzuli dela onartu du Nuñezek. “Meritu handia du bere gaztetasuna kontuan hartuta. Heldutasuna eta futbolerako dohainak erakutsi ditu”.

Kulturalak gol gutxi jasotzen ditu. Azken urteetan errepikatzen den joera da. Aurten bostetik hirutan hutsean eutsi diote ateari. Asteburuan Portugalete bisitatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!