‘Deshakespeareazioa’ antzezlana estreinatuko dute Karrikak eta Bartolome Ertzillak, bihar

Itsaso Esteban 2017ko ira. 28a, 11:00

Durangoko San Agustinen eskainiko dute, bihar eta etzi, 20:00etan, Karrikak eta Bartolome Ertzillako soka taldeak elkarregaz sorturiko Deshakespeareazioa obra.

 

2016ko azaroan, Plateruenak antolaturiko Hitzari Gorazarre ekimenaren barruan eskaini zuen Karrikak Deshakespeareazioa obraren lagin bat lehenegoz, eta Durangoko Azokan ere izan zen ikusgai.

Obra labur hura berrartu, eta haren dramaturgia moldatu dute Jose Martin Urrutia Txotxe-ren zuzendaritzagaz. William Shakespeareren XVI. mendeko bizitzara bidaia bat proposatuko diete ikusleei. Karrikako taldekideen eszenografiagaz irudikaturiko Londresko azoka batean gertatzen da istorioa. 

Karrikaren antzerki lanari Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasle talde baten lana batu zaio, Eunate Zarrabeitia irakaslearen eskutik. Ikuskizunari zuzeneko musika gehitu diote 15 eta 19 urte arteko Musika Eskolako biolin, biola eta biolontxelo ikasleek. 

Karrika taldeko aktoreak eta Bartolome Ertzillako musikariak batuta, guztira 24 lagun igoko dira, gaur eta bihar, San Agustingo agertokian Deshakespeareazioa eskaintzeko. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!