Tabirako-Getxo, Baqué Torneoko finalerdian

Joseba Derteano 2017ko ira. 22a, 19:00

CD Talent

Tabirako Baqué emakumeen taldeak Baqué Torneoa jokatuko du, asteburuan, Landako kiroldegian. Etxeko torneoa hitzordu aproposa izaten da taldeen prestakuntza mailaren gaineko tenperatura hartzeko; azterketa bat liga erregularrari ekin aurretik.

Durangoko taldeak Getxoren kontra neurtuko ditu indarrak zapatuan 19:00etan jokatuko den lehenengo finalerdian. Aurretik, 17:00etan, Añares Rioja eta Tirso Cantabria taldeen artetik irtengo da finaleko bigarren protagonista. Torneoko finala domekan, 12:00etan, hasiko da. Errioxarrek beste hiru taldeek baino maila bat gorago jokatzen dute.

Gizonena Gabonetan
Normalean, emakumeen torneoa jokatu eta hurrengo asteburuan izaten da gizonena. Aurten, ez. Momentuz, ez dute antolatuko. Saskibaloi taldeek agenda partiduz beteta dute eta gaitza da Tabirakoren maila berekoak ez direnak konbentzitzea. Horregatik, alternatiba bat aztertzen dabiltza: gizonen torneoa Gabonen inguruan antolatzea. Torneo erakargarriagoa egiteko, “baldintza aproposagoak” eman daitezkeela uste du Ina Mendibe klubeko presidenteak.

Zornotza-Tabirako
Baqué Torneorik ez, baina lagunarteko beste hainbat partidu jokatuko dituzte gizonek. Irailaren 30ean Zornotza Saskibaloi Taldearen kontra Landako kiroldegian jokatuko dutena da horietako bat. Zornotzarrek denbora gutxi dute sasoia hartzeko, udan bizitako egoera latzaren ondorioz. Astelehenean hasi zituzten EBA mailan aritzeko entrenamenduak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!