“Moda nire egunerokotasunean txertatutako zerbait da; bizitzeko era bat”

Aitziber Basauri 2017ko ira. 24a, 10:30

“Oso sentimentala izanik, jantzigelagaz nire arima, nire egunerokotasuna erakutsi gura dut”. Hala dio Aintzina Lauzirikak (Durango, 1973) hasiberri duen ‘El alma de mi vestidor’ proiektuaz galdetzean. Modari buruzko bloga sortu gura du eta sare sozialetan murgilduta dabil maiatzetik. Tendentziak bideratzen dituzten iritzi sortzaile bihurtu diren blogarien artean lekutxo bat izan gura luke.

Nola hasi zinen proiektuagaz?
Zentzua dudanez geroztik gustatu izan zait moda, eta ikusi dut lagunartean, inguruan, erreferente moduan hartu izan nautela batzuek moda kontuetan. Pauso hau eman dut orain, baina modarekiko grina hori bideratu guran formazioa jaso dut aurretik: tendentziei buruzko ikastaroak egin ditut, personal shopper ikasi dut... Nire bokazioa eta ilusioa da hau, eta ikusi dut oraintxe zela momentua; orain edo inoiz ez. Hori bai, horrela ikusgai jartzeak bertigo pixka bat ere ematen du!

Zein duzu helburua? Erronka?
Ez dut helburu finkorik. Personal shopper moduan lan egin gura nuke, izakera kontuan hartuta eta bakoitzaren premien arabera janzteko moduak proposatzea gustatzen zait-eta. Apurka-apurka hasi gura dut, facebook eta instagram bitartez ezagutu nazaten, jarraitzaileak lortu... Hori guztia pixka bat finkatuta, blog bat sortzea da asmoa. Asko zaindutako zerbait egin gura dut. Lau hilean 1.000 jarraitzailetik gora lortu ditut instagramen, eta facebooken 600etik gora. Oso pozik nago.

Zer da ‘personal shopper’a?
Ekitaldietarako janzkera aproposa edo armairuaren hondoan eduki beharreko oinarrizko arropa aukeratzen laguntzen du, adibidez. Gorputzaren formari ondoen datozkion arropak ikusteko, morfologia azterketa egiten dute; eta ondoen egokitzen zaizkigun koloreak ikusteko, kolorimetria azterketa ere bai. Soineko bati zenbat irtenbide eman ere aztertzen du.

Aldizkari edo markek baino gehiago, blogek markatzen dituzte tendentziak?
Diseinatzaileek sortutako pasareletako moda hori bakoitzak islatzen duen moduak du arrakasta. ‘Street style’a dago modan, pasarelako moda hori hartu eta bakoitzak kalean islatzea. Hori islatzen dute blogariek.

‘Cachea’ igotzen du jarraitzaile kopuruak.
Bai. Diotenenez, 5.000 jarraitzailetik gora dituzunean hasten dira harremanetan jartzen dendak edo arropa markak. Dena den, jarraitzaileak erosi egin daitezke. Horrelakorik ez dut egin gura, azkenean dena agerian geratzen da-eta. Ez dut pentsatu etekinik ateratzea, baina gustatzen zaizun horretatik bizimodua ateratzea gorena da.

Modari begira bizi gara?
Bai, maila handiagoan edo txikiagoan. Saiatzen gara ondo janzten, bakoitza bere estiloan.

Zer da zuretzat moda?
Nire egunerokotasunean txertatutako zerbait da. Bizitzeko era bat, jarrera bat. 

Baduzu erreferentziarik? Blogariren bati jarraitzen diozu?
Asko! Hala ere, soineko bati bost edo sei erabilera desberdin ematea gustatzen zait niri. Trebezia hori dut. Ez naiz konjunto bakarrekoa. Batetik edo bestetik, ideiak hartzen ditut. Moda jolas bat ere bada-eta niretzat, dibertitzen nauena.

Modara joatea garestia da?
Ez. Gaur egun aukera asko daude eta merkeak diren arropak garestiagoak diren osagarriekin nahastu genitzake, adibidez. Oso ondo jantzita joan zaitezke diru asko gastatu barik.

Asko zaintzen duzu irudia?
Ez dut arazorik kopeta bategaz, makillatu barik eta zapatilekin irteteko. Baina gustatzen zait irudia zaintzea: azala, ilea, arropak, elikadura... asko zaintzen ditut. Sare sozialetan ere, argazkietan, asko zaintzen dut.

Jantzi asko dituzu armairuan?
Asko, bai. Baina urteetan landutako jantzigela da. Denetarik dago, aipatu dudan nahasketa hori islatzen du. Baina inbertsio txiki bat beti egin behar da: poltsa on bat, zapata pare bat...  

Badago ezinbestekorik?
Traje beltz bat, zapata beltz batzuk eta ‘little black dress’ deritzona: edozein ekitalditarako aproposa den soineko beltza. Hala ere, bakoitzaren bizimoduaren araberakoa ere bada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!