Handia

“Pelikula honetatik aktore oso desberdin bat izaten irten naiz”

Jone Guenetxea 2017ko ira. 22a, 08:51
Argazkia: Lehior Elorriaga

‘Handia’ filma ikusi ondoren, ematen duen lehenengo elkarrizketarako hitzordua jarri dugu Eneko Sagardoygaz (Durango, 1994). Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den filmak Altzoko Handiaren istorioa baino askoz gehiago kontatzen du. Proiektuan sinesten duenaren  segurtasunagaz hitz egiten du aktore durangarrak. Filmazio gogorraren ostean, fokuen eta flashen momentua heldu da. Asteburuan Donostiako Zinemaldian estreinatuko da eta sail ofizialean lehiatuko da.

Bi pelikulen artean erabaki zaila hartu zenuen.
‘Handia’-ri baietz esateko beste proiektu bati ezetz esan nion. Une hori transformazio momentu moduan bizi izan nuen. Beldur handiko asteak izan ziren. Baina, batez ere, kolokan jarri nuen benetan zerk mugitzen ninduen. Istorio batek, soldata batek, famak.... Zerk mugitzen zaitu? Ez dut erabaki eta bizi estilo bat markatu izanaren sentsaziorik. Momentu hartan hartu nuen erabaki bat izan zen. Era berean, une zail bat izan zen, lagundu didana gero beste erabaki batzuk hartzen. Ezetz esaten eta nigan asko pentsatzen ikasi nuen. Horrek, artistikoki, gaur egun bizi garen negozio honetan  balio handia du. Zaila da horretaz konturatzea, eta ausarta izan behar duzu. Ziur hartutako erabaki bat izan zen, zer egingo genuen zehazki jakin barik, berme asko nituelako, bai zuzendariengatik, bai lan taldearengatik... Fokua hortxe jarri nuen.

Beste filma, hasiera batean, oihartzun mediatikora bideratuagoa egongo zela pentsa zitekeen. Orain ematen du horrek buelta eman duela.
Ez dit hainbeste ardura zenbat pertsonak ikasiko duten nire izena. Orain dela urte eta erdi hau ez nizuke esango, baina orain bai. Kontatu gura genuen istorioa kontatzea da nik gura dudana, eta heldu gura nuen lekuetara heldu naizela sentitzea. Eta espero ez nuen leku batzuetara heltzea ere bai, hori ere gertatu baita. Bat-batean arrakasta eta oihartzun mediatikoa oso bigarren mailan ikusten ditut. Egia da pelikula Zinemaldian lehiatzeak edo nazioarteko banatzaile garrantzitsu batek zabaltzeak eragin handia izango duela, baina pelikula ona bada, ona da.

Grabazio zaila izan da?
Oso zaila izan da. Alde batetik, ia egunero, lokalizazio aldaketak izan ditugu astelehenetik zapatura. Euskal Herri osoan eta Huescan egon gara. Hamaika ordu filmatu eta gero bidaiek eragiten duten nekea itzela da. Beste aldetik, pertsonaiaren lan psikologikoa dago. Pertsonaia oso ezohikoa izatera, hainbat momentu eta egoera nigandik oso urrun daude. Agian gogoratu gura ez nituen nire esperientzia pertsonaletan arakatu behar izan dut momentu batzuetan. Baina asko lagundu didate pertsonaia hezurmamitzerakoan.  Bestalde, pelikula baten protagonistetako bat izatea ere ardura handia da. Diru asko da, jende askoren lana dago tartean. Joseba Usabiagaren eta nire ardura obraren zerbitzura egotea da, baina asmatu egin beharra dago.

Zelan konpondu zarete filmeko lan taldean?
Ardura guztia berehala leundu zen zuzendariei esker. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Moriartiko talde osoagaz maiteminduta nago. Zorroztasun handia dute, baina, era berean, badakite askatasunari bere tartea ematen. Gauzak oso argi dituzte, baina testuak eta egoerak kolokan jarriz jolasten uzten dizute. Horren arabera, gero aldaketak egiten dituzte. Oso gustuko dudan nahasketa bat da. Horri duten umiltasuna gehitzen badiozu, askatasun eta giro lasaia sortzen da zabalik lan egiteko. Aktore batek lan egiteko izan dezakeen baldintzarik onena da hori. Horrez gain, hizkuntza poetiko itzela dute eta zine lengoaiaren maneiu handia. Jakintsuak dira. Hemeroteka bat dute buruan eta erreferentzia pila bat ematen dizkizute. Asko ikasi dut zineari buruz ere. Horren guztiaren konplize izatea zorte handia da.

Pelikula hau Altzoko handiaren istorioa baino gehiago da. Zer transmititzen du?
Bi anaiaren arteko adiskidetasun istorioa bat da, garai oso berezi batean. Erregimen zaharrak eta garai berriek talka egiten dute eta hori islatuko da, bai kanpo faktoreetan, bai pertsonaiengan. Bestalde, gai nagusia aldaketa da. Ea benetan egoera berrietara egokitzea den daukagun gaitasun bat edo zikoizkeria bat. Zein ezberdintasun dago erresignatu eta egokitu artean? Era berean, beste plano batean bi anaia osagarri izateaz berba egiten du. Anaia batek besteak ez duena du. Denok sentitu gaitezke islatuta. Obabakoaken Bernardo Atxagak dio mugimendurik barik ezin dela bizitzarik egon. Eta aldaketa mugimendua da.

Erraldoia irudikatzea teknikoki zaila izan da?
Bai. Plano bakoitza azterketa bat zen, muga handi bat dagoelako. Teknikoki oso mugatuta egon naiz. Kontua izan da horri buelta ematea. Pertsonaia oso estatiko eta kontenido bat sortu dut. Saad Kaiche deituriko lagun aljeriarra nire ordezkoa izan da. Eta borroka etengabe bat izan da. Efektu berezien enpresatik ere esan ziguten hobe zela dena momentuan egitea, postprodukzioan barik. Beraz, teknika batzuk erabili ditugu, ispilu lan moduan. 

Pelikula ikusi duzu. Zer sentsazio duzu?
Lehenengoz ikusi nuenean oso urduri nengoen. Talde guztiagaz batera ikusi nuen. Oso hunkigarria izan zen. Plano bakoitzean informazio gehiago zetorkidan, gogoratzen nuelako zein egunetan grabatu genuen, zer gertatu zen... Negar asko egin nuen istorioak hunkitzen nauelako, eta pantaila handian nire burua hainbeste pertsonen lanagaz batera ikusten nuelako. Kredituak negar batean pasatu nituen. Hainbeste jende, eta denak lagunak. Aktore moduan honek asko suposatu du. Baina, pertsonalki, ez da topikoa esatea eragin handia izan duela nigan, nengoen garaian gainera. Pelikula honetatik aktore oso desberdin bat izaten irten naiz, asko ikasi dudalako. Baina pertsona eta sortzaile moduan, nik badakit beste lan batzuk beste modu batean ikusten ditudala. Hori egunerokotasunean ikusten dut beste lan guztietan. Hori da eraman dezakedan gauzarik onena. 


Postprodukzioan sorpresarik hartu duzu?
Edizioan aldaketa asko sartu dituzte eta momentu askotan harritu ere egin naiz. Nire burua analizatzen bukatu eta gero konturatu nintzen ez nuela lana bere osotasunean ikusi. Bigarrenez ikusita, oraindik gehiago gustatu zait. Esaten didatenez, hori oso arraroa da. Behin baino gehiagotan ikusi beharreko pelikula bat da.

Zinemaldiaren atarian, zein gorputzaldi duzu?
Pelikula ikusi arte oso urduri eta beldur handiagaz egon naiz. Orain, pelikula ikusita, gogo itzela dut. Zuzendariei ere esan nien moduan, pelikula hau defendatzeko ez dut inongo arazorik. Horregaz ez dut esan gura ulertzen ez dudanik pertsona batzuei ez gustatzea. Baina, oso neure sentitu dut. Botereagaz sentitzen naiz Zinemaldian egoteko eta pelikula hau defendatuz harro egoteko. Lan guztiekin ez da pasatzen.

Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko zarete. Sorpresarik eman dezake?
Zergatiz ez? 18 pelikula daude sail ofizialean. Ez ditut beste pelikulak ikusi, baina film honek ez du inor hotz utziko. Eta sariena bultzada handia da, baina pelikula eginda dago, eta sariak ez du lan hori aldatuko. Beste guztia ongietorriak diren opariak dira.

Une honetan, zein leku du antzerkiak zure bizitzan?
Antzerkian hasi nintzen eta antzerkira bueltatzea behar bat da. Ni orain antzerkira bueltatzea erabaki kontziente bat da. Beste lan batzuei ezetz esan diet. Eta antzerkian bereziki oso sortzaile eta bizirik sentitzen naizelako da, oso nire esku. Antzerkiak badu sakratutasun bat. Ez da inoiz berdin errepikatuko. Adrenalina bat eta ‘hil ala biziko’ gauza bat du, asko gustatzen zaidana. Egia da gaur egun oso pobrea dela, eta geroz eta zailagoa da antzerkitik bizitzea.

ANBOTOren 500. aleko jaialdian Platerueneko oholtzan antzezlan bat interpretatzeaz gain,  gidoia ere idatzi zenuen (Ikus bideoa). Sortzaile moduan ikusten duzu zure burua? Gidoilari edo zuzendari ikus zaitzakegu?
Bide horretan nago. Asko gustatzen zait. Gainera, baditut nire gauza propioak kontatzeko. Aktore naizenean zuzendari baten zerbitzura jartzen naiz, beste aktoreak bezala, eta niri pasatutako gauza batzuk ere badoaz hor. Baina, zu autore bazara, zuzendari edo idazle lez, zuri gertatutako gauzak kontatzeko aukera duzu. Eta kontatzen duzunean hainbeste jenderi hainbeste eragingo dio... Hori baino prozesu hunkigarriagorik ez dakit badagoen. Gogo handia daukat, baina diru asko behar da.  

Momentu honetan antzerki munduan buru-belarri diharduzu. Zein proiektu dituzu esku artean?
Zinemaldian Errementariren kartela eta trailerra aurkeztuko dira. Gainera, filmak Sitgesen parte hartuko du. Obabakoak eta Heriotza bikoitza antzezlanekin nabil. Azken lan hau Miren Gaztañagak eta biok oholtza gainean egiten dugun antzerki eta ikus-entzunezko pieza teatrala da. Jon Ander Alonsok zuzentzen du eta azaroaren erdian estreinatuko dugu. Denon arteko sorkuntza izan da, zerotik hasita. Horrek Karrikako hasierako sentsazioetara eraman nau, antzerki bizi-bizira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!