102 urtegaz bizirik dagoen emakume erraketista durangarra

Markel Onaindia 2017ko ira. 22a, 08:45

100 urte bueltara ailegatzen diren pertsonei hori lortzeko zein sekretu dagoen galdetzen zaie normalean. 102 urte bete zituen, atzo, Mari Tere Rodriguez Mugarra durangarrak, eta sekretua "inbidiarik ez edukitzea" da bere arabera.

Baina, egia esan, inbidia ematen du 102 urtetara zein ondo heldu den ikusteak; gorputzez autonomia apur bat badu, eta burua argi du. Esaterako, ondo akordatzen da Bartzelonako eta Madrileko pilotalekuetan erraketista izan zeneko denboraz. Astarloa erresidentzian bere urtemuga ospatu zuten atzo, eta etxekoekin jatetxe batera joan zen gero. Gaztetan, Durangoko bonbardaketaren lekuko izan zen, eta Durango 1936 elkarteak bere testigantza jasota du webgunean.

Lesio bategatik erretiratua
XX. mendearen lehen erdian arrakasta eduki zuten erraketan jokatzen zuten emakumeek. Profesionalak ziren, eta Bartzelona zein Madrilez gainera, Mexikon ere ibili ziren. Durangaldeko zenbait neska bazeuden pilotarien koadroan. Bartzelonako Condal pilotalekuan aritu zen, batez ere, Rodriguez Mugarra, baina, zoritxarrez, ibilbide laburra eduki zuen. Izan ere, debutatu eta hiru urtera lesioa izan zuen hankan; erraketa eskegi behar izan zuen, ondorioz. 

Gero, Bartzelonan geratu eta dendari izan zen jubilatu arte. "Udalak postu bat eman zidan salmentarako. Galtzak, galtzontzilloak, kamisetak, bainujantziak... saltzen nituen". Katalan ere sentitzen da, "una miqueta", dioenez. Durangora arazo familiar bategatik bueltatu zen, 81 urtegaz. Erresidentzian gustura dago, eta Jesuitak ikastetxeko umeek irria ateratzen diote, asteroko bisita berezian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!