DRTk gaztetasuna eta azkartasuna uztartuko ditu aurtengo denboraldian

Maialen Zuazubiskar 2017ko ira. 21a, 12:30

Argazkia: Pedro Moreno

DRTk ezin hobeto hasi du aurtengo denboraldia. Etxean jokatutako lehen partiduan Ourenseko taldea mendean hartu zuten Durango Nissan Gaursa taldeko mutilek. “Partidu oso polita izan zen eta etxeko jokalariek maila izugarria erakutsi zuten”, adierazi du Juan Manuel  Iriondo ‘Txapo’ DRTko presidenteak.

Aurtengo denboraldian, senior mailan, Ohorezko B mailako taldean eta Euskal Ligakoan 45 jokalari dituen klubak “familia bat izatea eta jokalariek ondo pasatzea” helburu duela adierazi du presidenteak.

Horrez gain, denboraldi honetan Ohorezko B mailan jokatzen dabilen taldeak gaztetasuna eta azkartasuna aldeko izango dituela nabarmendu du Txapok. “Harrobitik irtendako jende gazte asko daukagu, eta lehen partiduan ikusi den bezala, horiek azkartasuna emango digute. Gainera, etxeko jokalariekin bakarrik gabiltzan talde bakarrenetarikoa gara, eta hori pozgarria da”, gaineratu du.

Aurtengo helburuez galdetuta, lehenengo seien artean sailkatzea “ondo” egongo litzatekeela adierazi du DRTko presidenteak. Hala ere, helburu nagusia jokalariek “ondo pasatzea eta lesiorik izan gabe errugbiaz disfrutatzea” dela azpimarratu du

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!