Aurreko astean, azokan kultur ekoizpenak erakutsi ahal izateko mahaiak alokagai daudela eman zuten jakitera. Argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleei egin diete deia, eta irailaren 30era arte, www.durangokoazoka.eus webgunean egin ahalko da erakusmahaia alokatzeko eskaria.
Azken urteetan bezala, erakusmahaia partekatzeko aukera ere izango dute autoekoizleek. Azokaren webgunean dago erakusmahaia ipintzeko araudia eta, besteak beste, mahai osoa, erdia, edo partekatua eskaintzen ditu.
Aurreko urteetan bezala, eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei euren produktuak inolako kosturik barik erakusgai eta salgai ipintzeko aukera berezia eskainiko die Gerediaga Elkarteak, Durangoko Azokan.
Hirugarren urtez jarraian, bost egunekoa izango da Durangoko Azoka, eta aurten abenduaren 7an, azokaren bigarren egunean, izango da Ikasle Eguna. Irailaren 19tik aurrera eman ahalko dute ikastetxeek egun horretako ekintzetan parte hartzeko izena. Urrian zabalduko dituzte, bestalde, azokan boluntario moduan lanean jarduteko zein zenbait gunetan lanak zuzenean aurkezteko izena emateko epeak.